Politika -

Tartak Barcinari

Manifestazio jendetsua Iruñean, tartalariei elkartasuna adierazteko

Astelehenean hasiko da Auzitegi Nazionalean Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik inputatutako lau pertsonen kontrako epaiketa. Horientzat 6 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte.

2011n Barcinari tartak bota zizkioten unea. Argazkia: EiTB
2011n Barcinari tartak bota zizkioten unea. Argazkia: EiTB
2011n Barcinari tartak bota zizkioten unea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AHT Gelditu! Kolektiboak deituta manifestazio jendetsua egin dute larunbat honetan Iruñean, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak botatzeagatik inputatutako lau pertsonei babesa adierazteko, eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua bertan behera gelditzea eskatzeko, Nafarroarentzat kaltegarria dela argudiatuta.

Astelehenean hasiko da lau inputatuen kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta horientzat 6 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte.

Raul Oloriz AHT Gelditu!-ko bozeramaileak adierazi duenez, sentipen negatiboak dituzte epaiketara begira "munduan inork ez baitu eskatu 6 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorrik protesta komiko eta satiriko bat egiteagatik".

Antolatzaileen esanetan, 5.000 pertsonek parte hartu dute manifestazioan, eta Iruñeko Udaltzaingoen kalkuluen arabera, berriz, 1.700 lagun izan dira bertan.

Abiadura Handiko Trenaren proiektua gelditzeko eskatu dute

Iruñeko Antoniutti parkean hasi da manifestazioa eta Gaztelu plazan amaitu da, AHT zentzugabea da lelopean. Manifestariek AHTren kontrako oihuak egin dituzte ibilbidean zehar.

Olorizen esanetan, manifestazioarekin AHTren proiektua salatu nahi izan dute. Horren esanetan, AHTk 3.300 milioi euroko aurrekontua izango du Nafarroan, eta hori hezkuntzako eta osasungintzako murrizketekin batera egitea onartezina da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea