Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

ETAko presoei egindako harrerak ez dira delitu, De Herediaren ustez

Estefania Beltran de Heredia sailburuaren esanetan, ez dira "nahasi" behar "harrera bat eta omenaldi bat edo terrorismoa goratzeko ekitaldi bat".

'Ez ditugu ongi-etorriak delitutzat ulertzen' (jatorrizkoa gazteleraz)

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren ustez, ETAko preso ohiei egindako harrerek "ez dute delitu zantzurik".

Orain arte, sei harrera Auzitegi Nazionalean salatu dituzte, eta, horren ildotik, "harrera bat eta omenaldi bat edo terrorismoa goratzeko ekitaldi bat" ez direla "nahasi" behar esan du Beltran de Herediak. "Hiru kontzeptuak nahasten dituztenek nahasmena sortu nahi dute", deitoratu du.

Sailburuak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, hainbat preso aske geratu eta gero "ekitaldi ez zilegiren bat" jazo denean, Ertzaintzak esku hartu egin du, "batzuek kontrakoa esaten jarraitzen badute ere".

Horren haritik, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak "barkamena" eskatu behar izan dio Jaurlaritzari, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila harreretan egon izan balira, galarazi egingo zituzketela esan baitzuen, hau da, Ertzaintzak harreren aurka ez duela nahikoa egiten iradoki zuen.

"Gure erantzukizuna bizikidetza baketsuaren alde lan egitea bada, ezin ditugu polemikak piztu. Estatuko Gobernua ezin da polemikak sortzen egon", kritikatu du.

Aldekoaren izendapen polemikoa

Jorge Aldekoaren izendapen polemikoari dagokionez, ertzainburua ez dutela 'Cabacas auzian' deklaratzera deitu gogorarazi du sailburuak: "Ez epaileak, ez Fiskaltzak, ez akusazio partikularrak".

Beltran de Herediak babesa agertu dio Aldekoari, eta Ertzaintzan "ibilbide profesional luzea" egin duela eta "eskarmentu handikoa" dela nabarmendu du.

Halaber, "epaiketa paraleloak" egin nahi izatea eta Ertzaintzaren aurka egitea egotzi dio EH Bilduri.

'Kale borroka' erasoak

Azkenik, sailburuak azken astean jazotako 'kale borroka' ekintzak "gainditzeko" eta "denon artean bizikidetzaren alde lan egiteko" deia egin du.

"Egoera hauek ez dira bat ere lagungarriak. Aro berri honetan, indarkeria egoera hauek ahaztu eta gainditu egin behar ditugu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea