Politika -
Preso ohien harrerak
Fiskaltzak datu gehiago eskatu dizkie Ertzaintzari eta Urquijori
Barne ministroaren hitzetan harrera horiek 'omenaldiak'' dira, eta terrorismoa goratzen dute. Jaurlaritzak, berriz, ''senitartekoek eta lagunek egindako harrera ekitaldiak'' direla berretsi du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko lau preso ohiri egindako harreren inguruko datu zehatzak eskatu dizkie Ertzaintzari eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzari. 'Parot doktrina' bertan behera geratu ondoren aske utzi zituzten lau presori egindako harrerek terrorismoa goratu zuten zehaztea du eskaeraka helburu.
Gervasio Gabilondo Ertzaintzako zuzendariari eta Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkari helarazi dio eskaera Fiskaltzak.
Bertan, lau harreraren inguruko ''txosten osagarriak'' eskatu dizkie, ''ahalik eta arinen'' (48 orduan). Zehazki, honako harrerak aipatu ditu: Zornotzan Juan Jose Legorbururi egindakoa, Galdakaon Javier Martinez Izagirreri egindakoa, Legazpin Juan Ignacio Delgado Goñiri egindakoa eta Bilbon Inmaculada Pachori egindakoa.
Fiskaltzak ''bertan parte hartu zutenen eta horiek antolatu zituztenen izenak'' eskatu ditu, eta ''oihurik edo kontsignarik egon zen, pankartarik erakutsi zen, eta ETAko kideen argazkirik egon zen'' jakin nahi du.
Halaber, bideo grabaziorik dagoen eta aurretik ekitaldi horrek berririk ote zuten eta zaintza neurrik hartu ote zuten galdetu du.
Terrorismoa goratu zutela uste du Barne ministroak
Aske geratu diren ETAko preso ohiei egindako harrerak ''omenaldi publikoak'' direla eta ekitaldi horiek ''biktimak umiliatzen'' dituztela defendatu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, eta, ondorioz, baliteke bertan ''terrorismoa goratu'' izana. Edonola ere, ministroak esan du Justiziarena dela azken hitza,.
Jaurlaritza: ''Senitartekoen eta lagunen harrera ekitaldiak izan dira''
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bestalde, berretsi egin du ''senitartekoen eta lagunen harrera ekitaldiak'' izan zirela. Hala, babestu egin ditu atzo bertan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak egindako adierazpenak.
Erkorekaren hitzetan ''gure gizartean ondo dakigu zer den terrorismoa goratzen duen ekitaldi publiko bat, zoritxarrez horietako asko ikusi behar izan ditugulako''.
Bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak ''uste'' du ''egunotan ikusten ari garenak'' harrera ekitaldiak direla, ''zenbaitetan harrera beroa''.