Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorka Bueno: 'Opera xelebre bat da, baina ez du batere graziarik'
"Existitzen ez diren gaietaz hitz eginez bola bat sortu dute, Nafarroako hezkuntza sisteman garbiketa ideologiko bat egiteko helburuarekin", salatu du irakasle liberatuak (LAB).
Eriz Lotina | eitb.com
"Opera xelebre bat bezala definituko nuke, baina gaiak ez du batere graziarik; gutxienik egoera kafkianoa da", adierazi du Gorka Bueno Nafarroako irakasle liberatuak (LAB).
Bueno Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan elkarrizketatu dute. "Mundu guztiak Guardia Zibilaren txostena ikusi du, ustez zelatatu dituzten irakasleek izan ezik", salatu du Buenok. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Nafarroako irakasleen eskariei erantzutea ez du espero Buenok. "Ekintza sinbolikoa izan da", aldarrikatu du.
"Existitzen ez diren gaietaz hitz eginez bola bat sortu dute, Nafarroako hezkuntza sisteman garbiketa ideologiko bat egiteko helburuarekin. Irakasle batzuk sistematik at utzi nahi dituzte", erantsi du.
"Dena gaizki amaituko da, lege atzerakoi eta zapaltzaile batekin", esan du Buenok. "Frankismora bueltan garamatzan inboluzio bat gertatzen ari da", salatu du.
"D eredua kriminalizatu nahi dute, gatazka egoera bat sortuz", gaineratu du. Azkenik, "Nafarroako D ereduak Estatuko emaitzarik onenak" dituela nabarmendu du irakasleak.