Politika -

Kale indarkeria

Arraiz: 'Baliteke erasoen atzean Sorturekin pozik ez daudenak egotea'

Arraizek esan du erasoek ez dutela ezker abertzalearen apustua kolokan jarriko. "Guk oso argi daukagu", nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan izandako kale erasoen atzetik "prozesuaren" martxarekin edo ezker abertzalearen estrategiarekin "pozik ez dauden pertsonak" egon litezkeela adierazi du gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak. Pertsona horiei "hausnarketa" egiteko eskatu die Arraizek, erasoek "iraganeko agertokietara bueltatzea" nahi dutenei mesede egiten dietelako.

Horrez gain, erasoek ez dutela ezker abertzalearen apustua kolokan jarriko azpimarratu du. "Guk oso argi daukagu", nabarmendu du.

Hala ere, erasoak nondik datozen ez dakiela esan du. "Egia esan, gai horrek susmo zehatz batzuk piztu ditu, ez dugu uste kasualitatez gertatu direnik".

Eztabaida politikoa ezker abertzaleak nahi zuen puntuan dagoen unean, "holako gauza bat gertatzen da eta, orduan, denek horri buruz hitz egiten dute", Arraizen hitzetan.

"Argi dago ezker abertzaleari komeni ez zaion zerbait dela, ez die bere interesei onurarik ekarriko. Nire ustez, egin duenak hausnarketa egin beharko luke eta bere buruari galdetu beharko lioke horrelako ekintzak noren mesedetan egiten dituen".

Arraizek esan du kale eraso horien atzetik ezker abertzalearen estrategia berriarekin pozik ez dauden pertsonak egon litezkeela. "Baina guk oso argi daukagu. Ezker abertzaleak bere erabakiak hartu zituen eztabaida luze eta sakon baten ondoren. 'Zutik Euskal Herria' txostenak ezker abertzalearen oinarri sozialaren babes zabal batekin onartu genuen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea