Politika -
Hileta Tolosan
Senitartekoek eta politikariek Ramon Labayeni azken agurra eman diote
Buruzagi jeltzaleari azken agurra emateko ehunka pertsonak Andre Maria eliza bete dute. Politika, gizarte eta kultura munduko hainbat pertsona ospetsu bildu dira bertan.
Erredakzioa
Senitartekoak eta ordezkari politikoak Tolosako (Gipuzkoa) Andre Maria elizan bildu dira, Ramon Labayen Donostiako alkate ohi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiari azken agurra emateko. Labayen larunbatean hil zen, 85 urte zituela. Politikari ohiak gaixotasun luzea izan du, eta Donostia Ospitalean hil zen.
Buruzagi historiko jeltzaleari azken agurra emateko, ehunka pertsonak Andre Maria eliza bete dute. Politika, gizarte eta kultura munduko hainbat pertsona ospetsu bildu dira bertan.
Labayeni Donostiako Polloe hilerrian lur eman diote goizean, baina hileta jaioterrian egin dute. Tolosarekin lotura estua zuen buruzagi historikoak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente eta Ramon Labayen zenaren errainak gogorarazi duenez.
"Nahiz eta Donostiako alkatea izan, bera tolosarra sentitzen zen, eta oso harro, gainera", adierazi du Tejeriak hileta hasi baino lehen.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi ohia, hileta hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburua, eta Ana Oregi Ingurumen sailburua bertan egon dira.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Ibai Iriarte Tolosako alkatea ere hileta-elizkizunean izan dira. Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria ere bertaratu dira.