Politika -
Madril
ETAren aurkako borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du Frantziak
Espainiarekin batera ETAren kontrako "batailan irabazi arte" aurrera jarraitzeko Frantziako Gobernuaren konpromisoa azaldu du Manuel Valls Barne ministroak.
Erredakzioa
Espainiarekin batera ETAren kontrako "batailan irabazi arte" aurrera jarraitzeko bere Gobernuaren konpromisoa azaldu du gaur Manuel Valls Frantziako Barne ministroak. Zentzu horretan, Espainiaren agenda "Frantziaren agenda" dela errepikatu du Vallsek.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren eskutik kondekorazioa jaso du Frantziako agintariak Madrilen. Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak proposatu zuen Frantziaren lana horrela saritzea.
Hirurak ekitaldi militarrean izan dira, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko egoitzan. Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibileko zuzendaria eta Ignacio Cosido Polizia Nazionaleko zuzendaria bertan izan dira.
Vallsek kondekorazioa eskertu du. Frantziako Barne ministroak bi herrialdeen arteko lankidetza eta leialtasuna goraipatu ditu, ETAren aurka 30 urte borrokan eman eta gero.
Indarrak batzen jarraitzea beharrezkoa dela nabarmendu du Vallsek, "bataila hau batera bukatu behar dugulako". Borrokak "irabazi arte" jarraitu behar duela erantsi du, Frantziako eta Espainiako balio demokratikoak ETA baino garrantzitsuagoak direlako.
Fernandez Diaz
Bi estatuen arteko lankidetza eredugarria dela esan du Fernandez Diazek. Espainiako Barne ministroaren hitzetan, Vallsek lankidetza hori "nortasun ezaugarri" bihurtu du.
"ETAren porrota ekarri duen egoerara heldu bagara, Frantzia eta Espainiaren lankidetza ordainezinari eta nekaezinari esker izan da", adierazi du Fernandez Diazek.