Politika -

Parot Doktrina

Parot Doktrinaren presoentzako harrerak artxibatu ditu Pedrazek

Epailearen ustez, Javi de Usansoloren, Inmaculada Pachoren, Juan Jose Legorbururen eta Juan Ignacio Delgado Goñiren harreretan ez zuten terrorismoa goretsi.

Estrasburgoko auzitegia. Argazkia: EiTB.
Estrasburgoko auzitegia. Argazkia: EiTB.
Estrasburgoko auzitegia. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Parot Doktrina baliogabetu ostean kartzelatik irten ziren ETAko lau kideren harrerak artxibatu ditu. Hain zuzen ere, Javi de Usansoloren, Inmaculada Pachoren, Juan Jose Legorbururen eta Juan Ignacio Delgado Goñiren harreretan uste du epaileak ez zutela terrorismoa goretsi, UpyDren kereila errefusatuta.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak lau harreretako hiruren artxiboaren aldeko txostena egin zuen; delitua Javier Martinez Izaguirre Javi de Usansoloren harreran bakarrik egon zitekeelakoan zegoen. Azaroaren 26an irten zen kartzelatik Martinez Izaguirre, 21 urtez kartzelan egon ostean (Fabio Moreno 3 urteko humearen hilketarengatik, besteak beste), eta bere harreran "Ongi etorri Jabi. Zure borroka, gure eredua" eta "Ongi etorri Jabi. Herria harro dago" lemak zituzten kartelak erakutsi zituzten.

Inmaculada Pacho, Juan Jose Legorburu eta Ignacio Delgado

Inmaculada Pachoren harrera ere artxibatu du epaileak. Azaroaren 26an irten zen Murtziako kartzelatik eta 27ko arratsaldean heldu zen Bilbora; Somera kalean ehun bat lagunek txalotu eta goraipatu zuten eta Alde Zaharreko hainbat kaletan kartel batzuk jarri zituzten, "Inma Pacho. 23 urte eta gero, berriro gure artean. Minutu bat gehiagorik ere ez! Falta direnak, etxera!" eta “Ongi etorri, Inma. Presoak eta iheslariak etxera!” mezuekin.

Gauza bera gertatzen da Juan Jose Legorburuk Zornotzan abenduaren 3an izan zuen harrerarekin. Castelloko kartzelatik aurreko egunean irten zen, eta 25 bat lagunek egin zioten harrera, txaloka eta petardoak botaz.

Ignacio Delgado Goñirentzako harrera azaroaren 26an egin zuten, Legazpin (Gipuzkoa). 50 bat lagun bildu ziren, suziriak bota zituzten eta eliza bateko kanpaiak dilin-dalan aritu ziren. Delgado Goñi egun hartan bertan irten zen kartzelatik; 128 urteko zigorra zuen, besteak beste 1990 bonba bat Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente koroneli bidaltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Doktrina parot albisteak Berriak Politika Presoak albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak