Politika -
ETAren agiria
EH Bildurentzat 'aurrerapausoa' da ETAren agiria
EAJk, PSE-EEk, PPk, UPNk eta UpyDk, berriz, ez dute ezer berririk ikusi, eta erakunde armatuak "desegin" egin behar duela azpimarratu dute.
Erredakzioa
Gara egunkariak argitaratu duen ETAren barne agiriak euskal alderdi politikoen erreakzioak eragin ditu.
EAJk salatu du ETAk ez duela "analisi politikorik egin behar", baizik eta "arma guztiak entregatu". EAJko iturriek azaldu dutenez, agiria ez da euskal herritarrek espero dutena, "alde bakarreko desarmea" aldarrikatzen dutelako, jeltzaleen ustez.
Era berean, Bilbon aurreko larunbatean egin zuten manifestazioaren leloan "bakea" hitza agertzen zela eta hori "armak gordetzearekin bateraezina" dela kritikatu dute.
Bestalde, Pello Urizar EAren idazkari nagusi eta EH Bilduren legebiltzarkideak uste du ETAk "beste urrats bat" egin duela "bakera eta normalizazio politikora gerturatzen gaituen prozesuan". Era berean, ardura eskatu die PSE-EEri eta PPri, eta gogor gaitzetsi du Espainiako Gobernuak "aurrerapauso guztien inguruan" egiten duen irakurketa ezkorra.
Urizarrek azpimarratu du indar politiko guztiek "lagundu" behar dutela bakea eta normalizazioa egi bihur daitezen.
Rodolfo Ares PSE-EEren Antolakuntza eta Koordinazio idazkariak bat egin du beste alderdi gehienen eskakizunarekin, eta ETAk desegin egin behar duela berretsi du. "Bitartean, ez diogu publizitaterik egingo", gaineratu du.
"ETAk ezin du protagonista izan. Hilketak utzi bazituen, ez du zentzurik existitzen jarraitzeak. Ez du inolako paperik jokatzen eta desegin dadila eskatzen diogu", adierazi du buruzagi sozialistak.
PPri dagokionez, Borja Semper EAEko bozeramaileak hitz egin du, eta agiria "bla, bla, bla hutsa" dela eta "betiko erretorika, gezur handiak" errepikatzen dituela esan du; izan ere, Semperren esanetan, "ETAk ez du erabakirik hartu, garaitua izan da eta hilketak uztera behartu dute".
Nafarroan, Oscar Arizkuren UPNren idazkari nagusiak argi adierazi nahi izan du ezin dela ETAren aurrean "lasaitu", oraindik desegin ez delako.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak garrantzia kendu dio ETAk esaten duenari, eta benetan "garrantzitsua demokratek, eta batez ere Espainiako Gobernuak" ETA garaitzeko egiten dutena dela.