Politika -
Aurrezteko neurriak
Nafarroak fundazioen eta kudeatzaileen kopurua murriztuko du
Desagertuko diren erakundeen zereginak Foru Gobernuaren gainontzeko sailen eskuetan geratuko dira, zerbitzu berak "kostu txikiagoarekin" emateko.
Erredakzioa
Nafarroako Foru Gobernuak fundazioen kopurua 12tik 4ra murriztea eta bestelako neurriak hartzea erabaki du, urtean 1,16 milioi euro aurrezteko.
Ondorioz, ondorengo fundazioak desagertu egingo dira: Nafarroako Ikusentzutezko eta Zine Arteen Institutua (INAAC), Nafarroako Ingurunearen Baliabideen Zentroa (CRANA), Energia Berriztagarrien Fundazioa (FFER), Bikaintasunaren aldeko Fundazioa, Itoiz Fundazioa, Yesa Fundazioa, Erro-Orreaga Bailarako Fundazioa eta Ondare Historikoaren Kontserbaziorako Fundazioa.
Ondorioz, lau kasutan goi-kargudunen kopurua ere murriztuko da: INAAC, CRANA, Bikaintasunaren Fundazioa eta Ondare Historikoa fundazioen kasuan. Gainontzeko fundazioetan ez dago zuzendaritzako gasturik.
Horrez gain, Foru Gobernuak sozietate publikoetako hiru kudeatzaile ere kenduko ditu, Juan Luis Sanchez de Muniain bozeramaileak prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera. Murrizketa horiek Administrazioa argaltzeko prozesuaren barnean kokatu ditu. Helburua, Administrazioa eraginkorragoa eta merkeagoa egitea da.
Muniainek zehaztu duenez, desagertuko diren erakundeen zereginak Foru Gobernuaren gainontzeko sailen eskuetan geratuko dira, zerbitzu berak "kostu txikiagoarekin" emateko.