Politika -
Heriotza
Blas Piñar ultraeskuinaren lider historikoa hil da, 95 urte zituela
Zuzenbidean Doktore eta notario izan zen politikaria. Fuerza Nueva alderdia sortu zuen, eta aktualitateko artikuluak idazten zituen.
Erredakzioa
Blas Piñar, ultraeskuinaren lider historikoa eta Fuerza Nueva alderdiaren sortzailea, bart hil da Madrilen, 95 urte zituela. Zuzentzen zuen Fuerza Nueva Editorial taldearen iturriek eman dute heriotzaren berri.
1918ko azaroaren 22an jaio zen Toledon, eta politikariaz gain, Zuzenbidean Doktore eta notario izan zen. Jada politikatik at bizi zen arren, aktualitateari buruzko artikuluak idazten zituen.
Murtzian eta Madrilen notario izan zen, eta Acción Católica alderdian hasi zuen ibilbide politikoa. Administrazio frankistan kargu bat baino gehiago bete zuen eta Espainiako Gorteetako prokuradore izan zen, baita Mugimenduko kontseilari nazionala ere. 1957an, Hispaniar Kulturaren Institutuko zuzendari orokor izendatu zuten.
1966an, Fuerza Nueva Editorial taldea sortu zuen, eta hamar urte geroago, Fuerza Nueva izenpean, alderdi politiko bilakatu zen, Jainkoa, Aberria eta Justizia lelotzat hartuta. 1979an, Madrilgo diputatu izendatu zuten, 1982ra arte.
Urte batzuk geroago, 2003an Fuerza Nuevaren babesarekin sortu zen Alternativa Española (AES) alderdiko ohorezko presidente izendatu zuten. Alderdi horrekin parte hartu zuen azken aldiz mundu politikoan, 2011ko udal hauteskundeetan Toledon aurkeztu baitzen, AESren zerrendako azken postuan.