Politika -
Auzitegi Nazionala
Eragile sozial eta politikoen babesa, auzipetutako 40 euskal gazteei
Prozesua bertan behera uztea eskatu dute. Besteak beste, Jesus Eguiguren eta Rafaela Romero sozialistek eta Jose Luis Korta eta Mikel Labaka kirolariek sinatu dute agiria.
Erredakzioa
Euskal Herriko 50 bat eragile politiko eta sozialek idatzi bat sinatu dute, Auzitegi Nazionalean 40 euskal gazteren kontra egiten ari diren epaiketa bertan behera uztea eskatzeko. Segiko kide izatea leporatuta epaitzen ari diren gazteek Jesus Eguiguren eta Rafaela Romero sozialisten, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen eta beste hainbat pertsonaren elkartasuna jaso dute.
Jazint Ramirez eta Ainara Ladron auzipetuek Donostian emandako prentsaurreko batean aurkeztu dute agiria, Mikel Labaka Realeko jokalari ohia, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua, besteak beste, alboan zituztela.
Gazteek azaldu dutenez, Enrique Villareal 'El Drogas' eta Xabier Solano musikariak, Jose Luis Uriz eta Ainhoa Aznarez sozialista nafarrak, Alex Txikon eta Jose Luis Korta kirolariak eta Begoña Errazti EAko kide ohia ere badaude aldarrikapenarekin bat egin dutenen artean.
Prentsaurrekoan irakurri duten agiriaren arabera, "pauso garrantzitsuak" eman dituzte "testuinguru demokratikoa eratzeko, etorkizun baketsua eta justua lortzeko eta konfrontazioa politikara mugatzeko". Baina, hala ere, batzuk "iraganeko terrorismoaren kontrako estrategiarekin" jarraitzen dutela salatu dute, eta "prozesua oztopatzen duten hesiak" gainditu behar direla azpimarratu dute.