Politika -
Segiko kide izatea egotzita
Auzipetutako euskal gazteen defentsak absoluzioa eskatu du
Tratu txarrak ikertu ez zirela eta inkomunikazioan galdekatu zituztela argudiatu du. Eragile sozial eta politikoen babesa jaso dute akusatuek.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalean Segiko kide izatea egotzita egiten ari diren 40 gazte independentistaren kontrako epaiketan absoluzioa eskatu du defentsak gaurko saioan, frogatzat hartu diren elementuek baliorik ez dutela argudiatuta.
Izan ere, epailearen eta Poliziaren aurrean atxilotutakoek egindako adierazpenek baliorik ez dutela argudiatu dute abokatuek, gazteak inkomunikatuta zeudelako eta komisaldegiko galdeketak torturapean egin zirela salatu duelako.
Halaber, tratu txarrak ikertu ez direla eta instrukzio epaileak eta fiskalak tortura haien berri zutela eta ezer egin ez zutela ere salatu du defentsak.
Hala, auzipetutako gazteen aurka erabilitako frogek funtsik ez dutela defendatu dute, eta Poliziaren txostenak balorazio hutsak eta hipotesiak baino ez direla dio Iker Urbina abokatuak. ''Espiral gaiztoa'' ideia aipatu du abokatuak ostiral honetako saioan.
Eragile sozialen babesa
Euskal Herriko 50 bat eragile politiko eta sozialek idatzi bat sinatu dute, Auzitegi Nazionalean 40 euskal gazteren kontra egiten ari diren epaiketa bertan behera uztea eskatzeko. Segiko kide izatea leporatuta epaitzen ari diren gazteek Jesus Eguiguren eta Rafaela Romero sozialisten, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen eta beste hainbat pertsonaren elkartasuna jaso dute.