Politika -
Hauteskundeak
Pagazaurtundua bigarren izango da UPyDren Europarako zerrendan
Horren esanetan, gaur egungo testuinguru politikoa "ezin da distantziatik jarraitu", eta Covite elkartearen presidenteorde gisa ordezkatua izateko eskatu du, kode deontologikoa betez.
Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente ohia UPyDren zerrendan bigarren joango da Europako hauteskundeetarako. Datorren maiatzean izango dira hauteskundeak, eta Francisco Sosa Wagner izango da zerrendaburua, alderdiaren barne-hauteskundeetan aukeratu zutenez.
Rosa Diez UPyDren liderrarekin prentsaurrekoa eskaini du Pagazaurtunduak, eta, bertan esan duenez, gaur egungo testuinguru politikoa "ezin da distantziatik jarraitu" eta konpromisoa behar-beharrezkoa da.
Gainera, Covite terrorismoaren biktimen elkarteko presidenteorde gisa ordezkatua izateko eskatu du, kode deontologikoa betez.
Pagazaurtunduaren ordezkoa
Laura Martin, Juan Carlos Garcia Goenaren alarguna izango da Covite Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteordea Maite Pagazaurtunduaren ordez, elkartearen zuzendaritzak hala erabakita. García Goena GALen azken biktima izan zen eta 1987an hil zuten.
Coviteren zuzendariek esker ona agertu zioten Pagazaurtunduari, elkartearen alde egin duen "lan biziagatik", "batez ere azken urtean, elkarteak aurrera atera duen proiektu guztiekin inplikatuz".