Politika -
GAL
Garcia Goenaren hilketako lekuko gisa deklaratu du Amedok
Cal Viva liburuan esandakoengatik deitu du Ruz epaileak. Lan horretan, ETAren kontrako "gerra zikina" justifikatu egiten du Amedok, "hildako asko zeudelako".
Erredakzioa
Jose Amedo Fouce Espainiako Polizia Nazionaleko komisariorde ohia Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzen aritu da, Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa argitzeko epaiketan. Garcia Goena ETAren kontrako gerra zikinaren azken biktima izan zen. Amedo, berriz, GALen krimenengatik zigortu zuten.
Amedo 10:00ak jotzear zeudela iritsi da Auzitegi Nazionalera. Epaileak Cal Viva liburuan esandakoengatik deitu du, Pedro Rubira fiskalaren eta Laura Martin Juan Carlos Garcia Goenaren alargunaren eskaera aintzat hartuta. Laura Martin Covite Terrorismoaren Biktimen Euskadiko Taldearen presidenteorde izendatu dute duela gutxi.
Amedo eta Michel Dominguez polizia ohiei 108 urteko kartzela zigorra jarri zieten 1991. urtean, sei hilketa agintzeagatik eta ETAko kide eta jarraitzaileen kontra egiteko kontratatutako mertzenarioek egindakoengatik.
Felipe Gonzalez
Miguel Planchuelo Bilboko Poliziako buruaren kontra Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan esan zuenez, GAL sortzeko erabakia Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohiak eta Barne Ministerioko arduradun nagusiek hartu zuten.
Bere liburuan, Amedok ETAren kontrako "gerra zikina" justifikatu egiten du, Frantziak laguntzarik ez zuela ematen eta "hildako asko" zeudela argudiatuta. Halaber, orduko agintari politikoei aurpegia eman ez izana leporatzen die.