Politika -
Arkaitz Bellonen heriotza
Nazioarteko abokatuek Bellonen heriotza argitzea eskatu dute
Abokatuen Nazioarteko Elkarteak gutuna idatzi die Presondegietako Erakundeko idazkari nagusiari, Ángel Yuste, eta zuzendariorde nagusiari Arkaitz Bellon presoaren heriotza argitzea exijituz.
Erredakzioa
Arkaitz Bellón presoaren heriotza argitzeko asmoarekin Abokatuen Nazioarteko Elkarteak (ELDH) gutuna idatzi die Presondegietako Erakundeko idazkari nagusiari, Ángel Yuste, eta zuzendariorde nagusiari, Javier Nistal. Heriotzaren arrazoiak 'guztiz argitu' ditzaten eskatu diete.
Bellón 13 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen 2000ko Donostiako Aste Nagusian kale istiluetan parte hartzeagatik. Joan den otsailaren 5ean Cadizeko Puerto I espetxeko bere gelan hilik aurkitu zuten.
Aste honetan bertan, Miren Arana, familiaren konfiantzazko medikuak hildakoari egindako bigarren autopsian parte hartu zuen. Bere hitzetan biriketako edema batek eraginda hil zen presoa eta ez zuen 'kanpoko inolako indarkeriarik' jaso.
Bere gutunean, Abokatuen Nazioarteko Elkarteak (ELDH) Presondegietako Erakundeari heriotza honen aurrean eta 'Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoeraren inguruan' hainbat erantzukizun eskatzen dizkio
Eskakizunen artean gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea exijitzen dute eta gainontzeko presoak haien jaioterrietatik gertu dauden espetxeetara eramatea eskatzen dute.
Idatzia elkarte honetako idazkari nagusiak, Thomas Schmidt, eta Inglaterrako eta Galeseko abokatuen elkargoko giza eskubideen komiteko lehendakariak, Kirsty Brimelow, sinatu dute.