Politika -

ETAren armagabetzea

EH Bildu: 'Espainiako Gobernuak ez du behar bezalako desarmea nahi'

Koalizio abertzaleak esan du ETAk gaur "beste aurrerapauso" bat eman duela, baina desarmea "behar bezala egiteko" Gobernuak blokeo jarrera gainditu behar duela esan du.

ETAk 'beste aurrerapauso' bat eman duela esan du EH Bilduk

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk adierazi du ETAk gaur “beste aurrerapauso” bat eman duela baina, desarmea “behar bezala egitea” ezinezkoa dela esan du, orain arte, “Espainiako Gobernuak ez duelako eman dadin nahi, eta horretarako oztopo guztiak jartzen ari delako”.

“Espainiako Gobernua da blokeo jarrera mantentzen duen bakarra, eta jarrera hori behin eta betiko alboratu eta urratsak ematea dagokio aurrerantzean”.

Bilbon egindako agerraldian, ETAk “bere esku dauden urratsak” egiten ari dela nabarmendu du Barrenak, “Aieteren Konferentziaren hasieratik gaur arte”. Gaur emandako urratsarekin, ETAk “aurrerantzean eragile armatua izateari uzteko prozesua” abiatu duela gaineratu du.

Era berean, ekimen honen bitartez ETAk bere jarduera armatuaren bukaeraren erabateko segurtasuna ematen die euskal herritarrei, eta horrek balio politiko itzela dauka”, esan du Barrenak.

“Bakearen kontrakoen gainetik”, ETAk “aldebakarreko” erabakia hartu duela azpimarratu du, “aldebakartasunez jardutearen balioa berretsiz”. “Madrilen duen aurkako jarrerarekin ere aurrera egin daiteke eta egin behar da”, adierazi du.

Horrez gain, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen papera goraipatu du, “Estatuan bakearen aurkako indarren aldetik jasotzen ari diren presio eta deskalifikazioen gainetik, Aieten hasitako bidea bururaino eramateko hartu duten konpromisoarengatik”.

Gaineratu duenez, orain helburua “gatazkaren ondorioei aterabideak topatzea” izango da. “Horretarako, salbuespeneko politikak deuseztatu eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago, presoak Euskal Herriratuz eta hortik etxeratze prozesuari ekiteko. Era berean, ETAren armagabetze prozesu kontrolatua, ordenatua eta adostua burutu behar da”, nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea