Politika -
ETA-ren desarmea
EH Baik pauso historikotzat jo du ETAren desarmearen hasiera
Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko hautetsien ustez, Pariseko eta Madrileko Gobernuek bake prozesuan parte hartu behar dute, eta prozesuari sona kentzen ez saiatzeko eskatu diote Frantziari.
Erredakzioa
Euskal Herria Bai (EH Bai) Ipar Euskal Herriko koalizio abertzaleak pauso historikotzat jo du, ETAk desarmera bidean, armak erabili ezinik uzteko eta zigilatzeko hasitako prozesua.
Baionan egindako prentsaurreko batean, atzo Ram Mannikalingam Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko buruak egindako iragarpenari buruzko balorazioa egin dute Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko hautetsiek.
"Ekitaldi horren balio politikoa azpimarratu behar da", adierazi du Peio Etcheverry-Ainchart EH Baiko bozeramaileak.
Parisi eta Madrili bake prozesuan parte hartzeko, eta Frantziari prozesuari sona kentzen ez saiatzeko eskatu die. "Paris bere jarrera aldatzen hasteko garaia da", gaineratu du.
Prentsaurrekoan Iparraldeko Colette Capdevielle eta Sylvianne Allaux diputatu sozialistek parte hartu dute. "Hemendik aurrera alde guztiei dagokie bake prozesuan parte hartzea", azaldu du.
Diputatuaren esanetan, behin ETAk haren armak erabili ezinik uzteko bidea abiatuta, "oztopo nagusiena gainditu da eta Frantziak prozesuan inplikatu behar du".
ETAren keinu berri horrek zerbait mugituko duela espero du Allaux diputatuak. Halaber, alde guztiek pausoak eman behar dituztela nabarmendu du, "bakerako bideak bi aldeetan eragiten du-eta mina.