Politika -
Diputatuen Kongresua
Estatuak Nafarroari boikota egiten dio, Amaiurren arabera
Amaiurrek Nafarroan defendatzen dituen "sasiko interesak" errefusatu ditu Montorok. "Zuengana hurbiltzen denak gizartearen arbuioa izango du", erantsi du ministroak Kongresuan.
Erredakzioa
Foru Hobekuntzaren Legeko "oinarri ez-demokratikoak" salatu ditu Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak, eta Nafarroan askatasunez hartutako erabakiak errespetatzeko eskatu du.
"Hau da subiranotasuna ulertzeko duzuen forma: inposaketa, ustelkeria eta errepresioa irentsi nahi ez dugunean. Amaiurren, Sorturen eta ETAren otsoa datorrela diozue, eta bitartean artaldeko artxoak lapurtzen dituzue", aurpegiratu dio Cuadrak Gobernuari. Gainera, Nafarroako erakundeek "ustel-usaina" dutela ohartarazi du.
Era berean, PSN kritikatu du Amaiurreko diputatuak, Yolanda Barcina presidentearen aurkako zentsura-mozioa ez babesteko erabakia aldarrikatzeagatik. Nafarroako sozialistak PSOEeko zuzendaritzarentzat "hutsaren hurrengoa" direla deitoratu du.
"Gizartearen arbuioa"
"Ez dute zuekin proiektu politikorik defendatu nahi. Zuekin bat egitea zaila da, ezinezkoa esango nuke. Zuek ordezkatzen duzuenarekin, zuengana hurbiltzen denak gizartearen arbuioa jasoko du", erantzun dio Cristobal Montoro Hazienda ministroak Cuadrari. Amaiurrek "kritikatzen, ohartarazten, salatzen eta gauzak puzten" dihardu, Montororen ahotan. Koalizio abertzaleak aberastasuna eta lanpostuak sortzeko alternatibarik aurkezten ez duela gaineratu du.
Amaiurrek Nafarroan defendatzen dituen "sasiko interesak" errefusatu ditu ministroak. Montororen hitzetan, koalizio abertzaleak ez du legediaren urraketarik salatzeko "ahalmen moralik, ETAren terrorismoa gaitzetsi ez duelako".
Espainiako Gobernuak Nafarroako Parlamentuaren ekimenei aurre egiteko helegiteak aurkeztu ditu Auzitegi Konstituzionalean. Exekutiboko kide gisa erkidegoarekin "leialtasunez" lan egin behar duela gogorarazi du Montorok, "egonkortasun politikoa ahalbidetu" krisia atzean uzteko eta lanpostuak sortzeko, "sasiko interes politikoak" bazterrean utziz.