Politika -

LOMCE

Uriarte: 'Hizkuntzen erabilera Euskadik arautu behar du'

Sailburuak Hezkuntza Konferentzian parte hartu du Madrilen. Hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan gaztelaniaren irakaskuntza arautzen duen errege-dekretua aurkeztu du Wertek.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Wert ministroak hizkuntza ereduaren dekretua aurkeztu die erkidegoei

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntzen erabilera Euskadik arautu behar duela errepikatu du gaur Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) errege-dekretuaren proiektua aldatzeko zuzenketa aurkeztu du Uriartek.

"Hizkuntzen gaiarekin oso kezkatuta gaude", adierazi du sailburuak Hezkuntza Konferentzian parte hartu eta gero. Hizkuntza koofiziala duten erkidego autonomoetan gaztelaniaren irakaskuntza arautzen duen errege-dekretua aurkeztu du Jose Ignacio Wert ministroak.

Nahiz eta "Euskadik eskumena izan", ministroa "berriro hizkuntzen inguruan arautzen saiatzea" kritikatu du Uriartek. Horregatik, "errege-dekretuari zuzenketa aurkeztu diogu", erantsi du. "Akordio batera heltzeko aukera dago", horren ustez.

EAE testuaren aurka azaldu den erkidego bakarra izan da; izan ere, Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilaria ez da bilerara joan, Gobernu zentralak katalana bazterrean utzi nahi duela uste duelako.

Finantziazioa

Bestalde, LOMCE aplikatzeko beharrezkoa den finantziazioa hizpide izan du Uriartek. Lanbide heziketaren kasuan, sailburuaren esanetan, Euskadik kontzertu ekonomikoaren berezitasuna du, eta EAEk "ez du erantzun argi bat jaso" oraindik. "Ministroaren aurreneko erantzuna 'Horrelakoa da bizitza' izan da, eta ez zait batere serioa iruditzen"; izan ere, "oinarrizko lanbide heziketak irailean martxan egon behar du", gaineratu du.

Montserrat Gomendio Hezkuntzako Estatu idazkariak adierazi duenez, errege-dekretua datorren ikasturtean aplikatuko dute, "bai ala bai".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza