Politika -
Erabakitzeko eskubidearen alde
22.000 pertsonak eman dute izena jada, ekainaren 8ko giza katerako
Bilboko La Casilla kiroldegia leporaino bete da Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenaren ekitaldian.
L.E. | eitb.com
22.000 pertsonak bat egin dute dagoeneko Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak ekainaren 8rako deitutako giza katearkin. Horrela iragarri dute plataformako arduradunek, Bilboo Casilla kiroldegian egindako ekitaldian.
Ekitaldiaren aurretik, 1.200 lagunek giza kate bat osatu dute Arte Ederren Museoan eta La Casillaraino joan dira, "Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea" leloa zeraman pankartaren atzean.
Herriz herri eginiko lana erakutsi, eta ekainaren 8ko giza katera begira, taldeari bultzada emateko modua izan da La Casillan egindako ekitaldia. Europan "martxan den trenean" Euskal Herriak ere bere bagoia duela aldarrikatu dute bertan bildutakoek.
Katalunia eta Eskozia
Horren harian, aipagai izan dituzte Eskoziako eta Kataluniako prozesu subiranistak. Nabarmendu dute erabakitzeko eskubidea gauzatuko dutela eta hori "garaipen demokratikoa" dela. Kataluniaz, nabarmendu dute herritarrak ados daudela gauza batean: "Erabakia eurei dagokie, Katalunian bizi diren herritarrei".
Bilboko ekitaldiaren bidez, "gurekin bat egin dutenei zorionak eman nahi izan diegu. Horrez gain, erabakitzeko eskubidearen alde baina oraindik mobilizatu ez direnei bultzada eman nahi diegu".
"Ezberdinen arteko elkarlana"
Ekitaldian "hiru printzipiotan elkarlanean aritzeko gehiengoaren borondatea" adierazi dute: "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu eta herritarrei dagokie hori egitea".
Antolatzaileen arabera, ekimena "ezberdinen arteko elkarlanean" oinarrituta dago, "ikuspegi politiko eta sozial diferentea dutenen artekoa", eta "eskubide demokratiko eta unibertsal baten aldekoa".
Gure Esku Dagoko kideek argi utzi nahi izan dute erabakitzeko eskubidearen alde egiten dutela "pertsona ezberdinen artean konfiantza sortzeko", baina "eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuta, banakakoak zein taldekakoak".
Parte-hartzaileak
Kulturgintzako, kirol arloko eta beste sektore batzuetako kideak bildu dira Bilbon; besteak beste, Kirmen Uribe, Kepa Junkera, Alex Sardui, Ines Osinaga, Mikel Urdangarin, eta Reala, Athletic, Osasuna eta Alaveseko jokalari ohiak.
Halaber, beste zenbait herrialdetako ordezkariek ere protagonismoa izan dute: Ekuador, Sahara, Argentina, Txile, Kolonbia, Senegal, Errumania, Nikaragua eta Kubatik etorri dira, besteak beste.
Ekainaren 8ko egitaraua
Durango eta Iruña batuko dituen giza kateari begira, ekainaren 8ko egitaraua errepasatu dute. 11:00etarako egon behar dute herritarrek dagokien tokian, eta 12:00-12:30 artean osatuko da katea. Ondoren, hainbat ekitaldi egingo dituzte.