Politika -

Bilbon eta Iruñean

Mintegi (EH Bildu): 'Zergatik ez dugu Aberri Eguna batera ospatzen?'

Joseba Egibarren ustean, Aberri Egunean ezberdintasun bakarra dago: ospatzen dutenak eta ez ospatzen ez dutenak.

laura mintegi

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak esan duenez, ezberdintasun "handia" dago Aberri Eguna ospatzen duten eta ez dutenen artean, baina deitoratu egin du ospatzen dutenak ere zatituta egotea; "Zergatik ez dugu batera ospatzen?", galdegin du.

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak hartu du hitza aurrena, eta garrantzia kendu dio Aberri Egunean nazionalisten artean izaten den zatiketari. Egibarren ustean, Aberri Egunean izaten den ezberdintasun bakarra ospatzen dutenen eta ez dutenen artean dago.

Euskadi Irratian izan dira bi politikariok, eta bat egin dute Joseba Egibarrek eta Laura Mintegik Aberri Eguna "sentimendu" bat dela esatean. Baina jeltzaleak "nazio bereko parte sentitzeko" eguna dela esan du, eta EH Bilduko bozeramaileak, berriz, "oraindik lortu ez dena" aldarrikatzeko balio duela.

Egibarren esanetan, " Aberri Eguna ospatu bai, baina berriro ere zatituta ospatu dugula esango dute askok; baina hori baino lehenago beste ezberdintasun bat dago: ospatzen dugunok eta ez ospatzen ez dutenak".

Bestalde, Mintegik onartu egin du ezberdintasun "handia" dagoela, ospatzen dutenen eta ez dutenen artean, eta deitoratu egin du ospatzen dutenak ere zatituta egotea. "Zergatik ez dugu batera ospatzen?", esan du.

EH Bilduren ordezkariak, halaber, diskurtso "gaiztoa" egitea leporatu dio Egibarri, iraganean izandako jarreragatik. Gertatutakoa ukatu behar ez dela eta etorkizunera begiratu behar dela gaineratu du, eta bidea "batera" egitearen alde azaldu da. Egibar zuhur agertu da, eta "batera bai, baina proiektuak mahai gainean jarrita" erantzun dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Aberri eguna bideoak EH Bildu Gipuzkoa