Politika -

Kale erasoak

EH Bildu 'ez dago ados' bankuen aurkako erasoekin

Koalizio abertzaleak deitoratu egin du alderdi batzuek erasoak "eztabaidaren erdigunean" jarri izana.

EH Bilduk errefusatu egin ditu atzo izandako erasoak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oskar Matute eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideek hizpide hartu dituzte azken orduetan Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat banketxeren aurka jazotako erasoak. Koalizio abertzalea "ez dago ados" erasoekin, baina alderdi batzuek "eztabaidaren erdigunean" jarri izana deitoratu du.

EH Bilduko parlamentarien esanetan, kale erasoak gaitzesteko alderdiek erabilitako "irmotasuna" herritarren eskubideen aurkako erasoak ere erabiltzea gustatuko litzaieke.

Bestalde, Ibon Areso Bilboko alkateak esan du ez dela "indarkeriaren erabilera justifikatzen duen aldarrikapen politikorik, ekonomikorik edo sozialik".

Aresok gaitzetsi egin ditu erasoak, eta babesa agertu die Bilboko dendariei, bereziki Alde Zaharrekoei, "behin eta berriro" pairatzen baitituzte erasoak.

Izasku Bilbao EAJren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak erasoak "irmo gaitzesteko" deia egin die sindikatuei.

Eurodiputatuaren hitzetan, indarkeriaren erabilera "irudi zaharkitua" da. "Ezin da ezer eraiki indarkeria erabilita", gaineratu du.

PSE-EEk Donostian duen udal taldeak bozeramaileen batzordea premiaz deitzea eskatu du, erasoak aztertzeko.

Agiri batean, Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak gaitzetsi egin ditu erasoak, eta elkartasuna adierazi die "Egiako bankuek kalteak pairatzea galaraztean erasoa pairatu duten ertzainei".

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburuordeak ere eraso hauek izan ditu hizpide, goizean.  Bere hitzetan, "sistemaren kontrako" taldeak daude erasoon atzean.  Europa osoan zabalduta dauden mugimenduak direla eta "Euskadin lehen urratsak" ematen ari direla gaineratu du.  "Europan zabalduta dauden sistemaren kontrako taldeak dira, Euskadin lehen urratsak ematen ari dira. Kale borroka bezala ezagutzen dugunarekin baditu antzekotasunak", zehaztu du.

Zubiagaren aburuz, "lehen, kale borroka ekintzen egileek helburu politiko zehatz batzuk zituzten, talde terrorista batek ezarritako estrategia batean kokatuta. Orain ikusten ari garena beste gauza bat da. Kapitalismoaren edota sistemaren kontrako borrokekin zerikusia duten ekintzak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea