Politika -
Radio Euskadi
Egibar: 'Urkullu-Mas bilera ez zen isilpekoa izan, diskretua baizik'
PSEk eta PPK gogor kritikatu dute Iñigo Urkulluk eta Artur Masek asteon izan duten bilera. EH Bilduk, berriz, bilera horrek Masek autogobernuaren lantaldean parte hartzea ez eragoztea espero du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako presidenteak maiatzaren 1ean izan zuten bilera izan duten hizpide, besteak beste, Radio Euskadiko tertulia politikoan. Joseba Egibar EAJko buruzagiaren hitzetan, bilera hori ez zen isilpekoa izan, diskretua baizik. "Subiranotasunaz, erabakitze eskubideaz edota gizartearen ongizatean eragina duten politikei buruz hitz egitea positiboa da, eztabaida baikorra", esan du.
Bi presidenteen hitzorduaren berri prentsaren bidez jakin zuela ziurtatu du Egibarrek, eta gaineratu du CiUren eta EAJren arteko harremana "etengabea" dela; besteak beste, Europako Hauteskundeetan koalizio berean aurkezten direla gogorarazi du.
Oskar Matute EH Bilduko kidearen esanetan, berriz, Mas eta Urkullu biltzea "normala" den arren, hitzorduari eman dioten "kutsu klandestinoa" ez da "zentzuzkoa". Matutek gogora ekarri du Autogobernu Ponentzian Artur Masek parte hartzea eskatu duela EH Bilduk, eta, bilera hau Masek ponentzian parte ez hartzeko aitzakia ez izatea espero duela gaineratu du.
PPko Borja Semperrek gogor kritikatu du lehendakariaren eta Kataluniako presidentearen arteko bilera. Buruzagi popularraren irudikoz, euren "obsesioez" hitz egiteko bildu dira Mas eta urkullu, eta ez herritarren beharrei buruz hitz egiteko. "Arazo bat dute eta herritarrak kontuan izan gabe konpondu nahi dute", esan du. Bi erkidegotako presidenteak izanda, batzarra egitea "logikoa" dela esan du Semperrek, baina Masekin egin duen gauza bera, Kantabriako, Asturiasko edota Galiziako buruzagiekin egin beharko lukeela Urkulluk iritzi dio.
Txarli Prieto sozialistak ere gogor kritikatu du Masek eta Urkulluk egindako bilera. Bizi dugun krisi ekonomikoaren erdian Urkulluk soberaniaz hitz egiteko "isilpeko bilera" bat egitea larritzat jo du. Bilera "misterioz" inguratuta eginda, mahai gainean dituen arazo nagusiak desbideratzea egotzi dio Prietok Urkulluri.