Politika -
Valentziako erkidegoa
8 urteko kartzelaldia Blasco kontseilari ohiari, Kooperazio auzian
Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak fondo publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia trafikoa, prebarikazioa, eta faltsukeria egotzi dio.
Erredakzioa
Zortzi urteko kartzela zigorra eta hogei urteko inhabilitazioa ezarri diote Rafael Blasco Valentziako Gobernuko Elkartasun eta Hiritartasun kontseilari ohiari Kooperazio auzian, fondo publikoak bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta faltsukeria egotzita.
Valentziako Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Blasco eta beste zortzi auzipetu epaitu zituen urtarrila eta martxoa bitartean. Nikaraguan garapena bultzatzeko bideratutako dirua bidegabe erabili zen ala ez ikertu zuten Kooperazio auzian.
2012ko otsailaren 23az geroztik kartzelan dagoen Augusto Cesar Tauroni enpresa gizonari ere zortzi urteko kartzela zigorra eta hogei urteko inhabilitazioa ezarri diote, diru-laguntzetan iruzurra egiten, faltsutzen eta dirua bidegabe erabiltzen laguntzeagatik.
Marcial Lopez Cyes fundazioako presidenteari 4 urteko kartzela zigorra, 4 urteko inhabilitazioa eta 6 milioi euroko isuna ezarri diote diru-laguntzetan iruzurra egiteagatik modu jarraituan. Frogatu ahal izan denez, Valentziako Gobernuak 1,8 milioi euroko diru-laguntza eman zion Cyes fundazioari Nikaraguaren garapena bultzatzeko, baina diruaren % 3a soilik iritsi zen Ertamerikako herrialde horretara.
Tina Sanjuan Valentziako Gobernuko idazkari ohiari zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamazazpi urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri diote, dirua bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta faltsukeria egotzita.
Marc Llinares Kooperazioko buruzagi ohiari, berriz, lau urte eta erdiko kartzelaldia, hamaika urteko inhabilitazioa eta 6.750 euroko isuna ezarri diote, dirua bidegabe erabiltzen eta faltsukeria egiten laguntzeagatik.
Alejandro Catala Kooperazioko idazkariordeak lau urte eta erdi igaro beharko ditu kartzelan. Halaber, 6.750 euroko isuna ordaintzera eta zazpi urteko inhabilitazioa betetzera ere zigortu dute.
Javier Llopis Blascoren gabineteko buruzagi ohiari hiru urteko kartzela zigorra, bi urteko inhabilitazioa eta 2.700 euroko isuna ezarri diote.
Josep Maria Felip Kooperazioko zuzendari ohia zazpi urteko inhabilitazioarekin zigortu dute.
Marcial Lopezen bikotea den Maria Jose Cervera ACIPeko idazkariari hiru urteko kartzelaldia, lau milioi euroko isuna eta bost urtean diru-laguntzak, laguntzak eta pizgarri fiskalak jasotzeko debekua jarri diote.
Bestalde, Tauronik, Lopezek eta Cerverak. Hiruren artean, 1,8 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diote Valentziako Gobernuari.