Politika -
Ia 400 fusilatu
Frankismo garaiko fusilatuak omendu dituzte Donostian
Donostiako alkateak esan duenez, ekitaldiarekin "justizia" egin nahi izan diete "hainbeste sufrimendu jasan ondoren urtetan ahaztuta izan direnei".
Erredakzioa
Frankismo garaian fusilatutako ia 400 pertsona omendu dituzte Donostian. Juan Karlos Izagirre (Bildu) alkateak ekitaldian bertan esan duenez, "bere historia ezagutzen eta onartzen ez duen herria zauritutako herria da" eta horrela "oso zaila da etorkizun bateratua eta osasuntsua eraikitzea".
Omenaldian izan dira, besteak beste, Ramón Gómez (PP), Ernesto Gasco (PSE), Eneko Goia (PNV)eta Josu Ruiz (Bildu) udal taldeetako bozeramaileak, Udalbatza, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta fusilatuen senideak.
Ekitaldiaren ostean, 'Dual' izeneko eskultura inauguratu dute fusilatuen omenez udaletxearen ondoan, eta familiakoek artelanaren erreplika jaso dute, tamaina txikian.
"Historia edonork idatzita ere, benetako historia pertsonek egiten dute, eta historia hori ez da beti liburuetan agertzen", esan du alkateak omenaldian egindako hitzaldian. "Herriek euren historia ezagutzeko eskubidea dute, beharra dute, bere historia ezagutzen ez duen herria herri ezjakina da, bere historia ezagutzen eta onartzen ez duen herria zauritutako herria da", eta horrela "oso zaila da etorkizun bateratua eta osasuntsua eraikitzea".
"Datuak jakiteko zergatik hainbeste denbora itxaron" galdetzen diete familiek beraien buruari, alkatearen esanetan. "Erantzuna zaila da, baina galdera zentzuzkoa da, eta, batez ere, bidezkoa", onartu du Izagirrek.
Gaurko omenaldiarekin "justizia" egin nahi izan diete "hainbeste sufrimendu jasan ondoren urtetan ahaztuta izan direnei". "Aintzatespena eta justizia, justizia ukatu egiten digutenean ezer gutxi geratzen zaigulako, eta dena kendu digutenean justiziagatik borrokatzea baino ez dago", adierazi du Donostiako alkateak.