Politika -
Jurisdikzio unibertsala
Konstituzionalera eramango dute jurisdikzio unibertsalaren murrizketa
PSOE eta oposizio osoa Legearen erreformaren aurka agertu ziren, jurisdikzio unibertsalaren printzipioa ukatzen duelako eta premia handiz tramitatu zelako.
Erredakzioa
PSOEk Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformaren aurkako helegitea jarriko du gaur Konstituzio Auzitegian. Lege horrek jurisdikzio unibertsalaren printzipioa mugatzen du Espainiako auzitegietan.
Sozialisten prentsa-adierazpen baten arabera, Soraya Rodriguez PSOEren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak aurkeztuko du legearen aurkako errekurtsoa. Martxoaren 15ean jarri zen legea indarrean, PPk eskatuta Parlamentuan hilabeteko epean onartu ostean.
Jurisdikzio unibertsalaren erreforma oposizio osoaren gaitzespenarekin onartu zuten. Alderdi Popularraren legearen funtsa kritikatu zuten, Espainian jurisdikzio unibertsalaren printzipioa ukatzen duelako; erreforma egiteko modua ere kritikatu egin zuten, premia handiz tramitatu zutelako.
Legea onartu zutenean, Soraya Rodriguezek adierazi zuen erreformak Espainian jurisdikzio unibertsala "ito" zuela, lege "bidegabe" hori sortu eta onartzerakoan.
Auzitegi Nazionaleko hainbat epailek eta Nazio Batuetako zenbait kidek ere erreforma kritikatu dute.