Politika -
Estatuko Segurtasun Indarrak
Gabirondok dio segurtasun indarrek Ertzaintzaren lana eragozten dutela
Ertzaintzaren zuzendariak azaldu duenez, Estatuko Segurtasun Indarrek Ertzaintzaren lana "oztopatzen" dute eta, ondorioz, ikerketa batzuek "porrot" egin dute.
Erredakzioa
Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak salatu du EAEn dauden Estatuko Segurtasun Indarrek "oztopatu" egiten dutela Ertzaintzaren lana eta, ondorioz, ikerketa batzuek "porrot" egin dutela.
Gabirondok Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, administrazioaren bikoiztasunak aztertzeko lantaldean, eta kazetariei azaldu die gero esandakoa, bilera ateak itxita izan baita.
Estatuko Segurtasun Indarrek EAEn duten agente kopurua murriztu behar ote den galdetuta, Ertzaintzaren zuzendariak erantzun du "zalantzarik gabe" murriztu beharra dagoela, nahiz eta Jaurlaritzak ez jakin zenbat guardia zibil eta polizia dauden gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
EAEko Segurtasun Batzordeak, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua koordinatzeko erakundeak, polizia bakoitzak zein eginkizun duen eta zenbat agente behar diren zehaztea eskatu du Gabirondok.
"Onar dezatela egutegi bat eta bete dadila pixkanaka, ez gauetik egunera", gaineratu du.