Politika -

Lagran, Araba

Ortuzarrek EAJren laguntza eskaini du Estatua erreformatzeko

Ortuzarren iritzian, "Estatu espainiarra krisialdi sakon batean murgilduta dago, eta, krisi ekonomikoa baino gehiago, erakundeetan eta politikan eragiten duen krisia da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJren kolaborazioa eskaini du erakundeak eta esparru legal espainiarrak erreformatzeko". Bertan, jeltzaleek "akordio zabal bat proposatuko lukete,  eta, horri esker, Estatu espainiarra eroso eta egonkor egongo litzateke, baina Euskadik Europan etorkizuna izatea bultzatuko luke".

Ortuzarrek Araban, Lagran herrian, egin ditu adierazpenok, lana, proposamenak eta gogoetak egiteko anolatutako jardunaldietan, Arabako kargudunekin batera. Bertan izan dira Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua; Xabier Agirre ABBko presidentea; Pilar Garcia Salazar EBBko idazkaria eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagai eta EAJren bozeramailea Batzar Nagusietan, besteak beste.

Ortuzarren iritzian, "Estatu espainiarra krisialdi sakon batean murgilduta dago, eta krisi ekonomikoa baino gehiago, erakundeetan eta politikan eragiten duen krisia da". Egoera horren aurrean, kritikatu duenez, "Espainiako alderdi nagusiek krisi horren ondorioak makillatzearen alde egin dute".

"Aste hau makillajearen astea izan da Estatu espainiarrean: batetik, errege aldaketarekin eta, bestetik, erreforma fiskalaren iragarpenarekin", esan du.

Bozeramaile jeltzalearen arabera, aldaketok "herritarrak nahastea dute helburu, gauzak aldatzen ari diren irudia eman, ezer ez aldatzeko, denak berdin jarraitzeko", eta, ohartarazi duenez, hori ez da EAJk hartuko duen bidea". "Inork uste badu gu lagun izango gaituztela bide horretan, ahaztu dezala, ez baita horrela izango".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Andoni Ortuzar bideoak