Politika -
Iragarkiak
Albisteentzat espazioak erosteaz hitz egingo du Urkulluk astelehenean
Noticias taldeko egunkarietan 90.000 euroren truke sartutako informazioen inguruan azalpenak emateko eskatu dio PSE-EEk lehendakariari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean izango da astelehenean, PSE-EEk eskatuta, “Eusko Jaurlaritzaren publizitatea eta propaganda txertatzeko espazioen erosketa” argitzeko.
Gasteizko Ganberako Mahaiak uztailaren 7rako deitu du Diputazio Iraunkorra, parlamentua geldirik dagoen bitartean. Lehendakariak azalpenak eman beharko ditu Noticias taldean 90.000 euroren truke sartutako informazioen inguruan.
EH Bilduk eta UPyDk, sozialistekin batera, gaiaren inguruan egindako planteamenduak eztabaidatuko ditu Diputazio Iraunkorrak bilera horretan. Alderdi horien ustez, EAJk Publizitatearen eta Komunikazio Instituzionalaren Legea hautsi du, artikuluak publizitate modura ez identifikatzeagatik.
Gobernuaren lau sailek albisteak eta erreportajeak argitaratzeko bost espazio erosi dituztela jakin da orain arte: Hezkuntza, Osasuna, Enplegua eta Politika Sozialak eta Lehendakaritza dira arloak.
Gorka Maneiro UPyD alderdiko bozeramaileak iragarri du "beste 23 kasu susmagarriren inguruko informazioa" eskatu diola Urkulluren Gobernuari, “ekintza informatiboak, babesletzak eta kanpaina bereziak” bezala sailkatuta ageri baitira.
Maneirok orain arte ezagun egindako bost kasuak “laster” auzitegietara eramango dituela berretsi du, haren ustez, Gobernuaren portaerak “diru publikoa bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta gertuko hedabideak ilegalki finantzatzea” erakusten baititu.