Politika -
Elkarrizketa
'Ezker abertzalearen eta PPren Gobernuaren jomuga hauteskundeak dira'
EAJren EBBren presidentearen ustez, ezker abertzaleak eta Estatuko Gobernuak ez dute pausorik emango, bakeari eta elkarbizitzari dagokienez, 2015eko azaroko hauteskundeak igaro arte.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidentearen ustez, ezker abertzalearen eta Gobernuaren jomuga hauteskundeak dira, ez bakea, eta ez dute pausorik emango, bakeari eta elkarbizitzari dagokienez, 2015eko azaroko hauteskundeak igaro arte: "Rajoyren Gobernuak eta ezker abertzaleak, bi aktore nagusiek, ez dute aurrerapausorik emango, gai hori, hauteskundeei begira, maximizatzeko asmoarekin. Gobernua, botoak galtzeko beldur da eta; ezker abertzaleak, uste duelako bere barneko kohesia kaltetua izateko aukera dagoela", esan dio, elkarrizketa batean, Ortuzarrek Eferi.
EAJren buruzagiaren esanetan, "batzuek ezer ez egiteak eta besteek ausardiarik ez izateak prozesuari geldiarazi diote, tamalez". Andoni Ortuzarrek uste du ezker abertzaleak eta ETAk ondorioztatu dutela "hobe dela, Espainiako hauteskundeak igaro arte, ezer ez egitea". "Batzuek -azaldu du-, ez direlako ausartzen ETAri ultimatum bat jartzen, desarmea eta eragindako mina aitortzeko; eta ETAk berak, helduko ez den zerbait espero duelako: Espainian aldaketa politiko bat, politika-negoziazio bat egiteko aukera emango diona. Garai hauetan, hori ez da egongo, ez gobernu honekin ezta beste edozeinekin ere, eta jakin beharko lukete".
"Indarkeriaren 50 urteen porrota ezkutatu nahian"
Bere ustez, ezker abertzalea "indarkeriaren 50 urteen porrota ezkutatu nahian" dabil, "itxurazko hauteskunde-arrakasta batekin", baina "beraietako asko haserre daude". "Ulertzen dut presoen senideen jokaera, euren asebetea eta asaldatzea; izan ere, Espainiako sistema judizialak xehatzen ditu, eta ezker abertzaleak baztertuta ditu. Botoak presoekin trukatu dituzte, 50 urtean zehar mugimendua izan dena hauteskunde-arrakastarekin trukatu egin dute", esan du.
Ortuzarren ustez, "epaile batzuen" ETAren presoen eta terrorismoaren aurkako legediaren inguruko jarrera "zabalagoa" albiste pozgarria da. "Epaile batzuk, ausart baina batez ere legesia errespetatuz, norabide onean doazen erabakiak ari dira hartzen, eta tentsioa murrizten ari dira laguntzen. Gehienbat, justizia egiten laguntzen dute, hori da guztiok eskatzen duguna, ez inoren aldeko aparteko neurririk".
Ortuzarrek esan du EAJk badakiela zaila dela PSE-EE eta PP Bake Lantaldera EAJrekin eta EH Bildurekin batera bueltatzea. PSEri eta PPri aurpegira bota die ez direla Bildurekin batzartu nahi, lantalde horretan, baina gero oso bilkuran ez dutela arazorik elkarrekin emateko botoa Urkulluren Gobernuaren aurka.