Politika -

Auzitegietara

UPyDk Jaurlaritza salatu du berriak 'ordaintzean' prebarikatzeagatik

Alderdiak prebarikazioa eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea leporatu dio, “EAJren kide diren” komunikabideetan berriak sartzea “ordaintzeagatik”.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea. Artxiboko irudia. EiTB
Gorka Maneiro
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea. Artxiboko irudia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren aurkako salaketa bat aurkeztu du Gasteizeko epaitegi batean, prebarikazioa eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta, “EAJren kide diren” komunikabideetan berriak sartzea “ordaintzeagatik”.

Salaketa Juan Ignacio Bernardo Urquijo Eusko Jaurlaritzaren Komunikazioko zuzendariaren aurka jarri dute zehazki. Urquijo Publizitate Instituzionaleko Sailen arteko Batzordearen buru ere bada. Izaskun Urien Azpitarte Osalaneko zuzendariaren aurka ere zuzendu dute, UPyDren arabera, Deia egunkarian elkarrizketa bat egitea diru publikoarekin ordaintzea baimentzeagatik.

Salaketan, Justiziak erantzule izan daitezkeela uste duen Eusko Jaurlaritzako pertsona “fisikoei edota juridikoei” delitu berak leporatu dizkie Maneirok. Legebiltzarkideak, kazetariei egin dizkien adierazpenetan, Iñigo Urkullu lehendakaria jo du “izugarrizko iruzur politiko” honen arduradun nagusitzat.

Gasteizeko Justizia Jauregira sartzeko orduan, Maneirok adierazi du “berriak, elkarrizketak eta erreportajeak” ordaintzeak 90.000 euroko kostua izan duela, eta, oraingoz, Eusko Jaurlaritzako bost sailetatik lauri eragiten diela gaineratu du: Hezkuntzari, Osasunari, Enplegu eta Gizarte Politikari eta Lehendakaritzari.

Lehendakariak gai horri buruzko azalpenak eman zituen uztailaren 7an, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agerraldia egin zuenean.

Urkulluk akatsak onartu zituen prozedura horietan, baina Eusko Jaurlaritzaren aldetik diru publikoaren “bidegabeko erabilerarik ez” Noticias Taldeko komunikabideetan informazioa sartzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea