Politika -
Espainia-Frantzia bilera
51 espainiar Jihadera batu direla adierazi du Gobernuak
Espainiako Barne ministroak iragarri du jihadismoaren kontrako estrategia onartuko duela Gobernuak.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak gaur jakitera eman duenez, 51 espainiar daude Iraken eta Sirian jihadista gisa borrokan. Horietako hiru atxilotu egin dituzte Espainiara itzuli direnean.
Fernandez Diazek eta Frantziako Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak bilera egin dute gaur Bartzelonan, besteak beste, jihadismoa eta legez kanpoko immigrazioa gaiak jorratzeko.
Espainiako Gobernuak jihadismoaren kontrako estrategia bat onartuko duela iragarri du Espainiako Barne ministroak. Estrategia horren baitan "trebatze pasibo" gisa izendatu duenari aurre egiten saiatuko direla adierazi du. Gero aplikatzeko intentzioarekin Interneten teknika terroristak ikasten dituzten pertsona horiek izan ditu hizpide Espainiako Barne ministroak: "Trebatze terrorista hori behar bezala frogatu beharko dute Poliziaren eta epaileen ikerketek". Halaber, estrategia horren baitan beste neurri batzuk hartuko dituztela adierazi du, "erradikalizazio bortitza"ren kontrakoak esaterako.
Espainian gaur egun dagoen mehatxu terroristaz galdetuta, 2. mailakoa dela eta ez dela aldatu nabarmendu du. Maila hori "altua" dela, baina Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan dagoenaren parekoa dela azpimarratu du. Bestalde, Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak ez du zehaztu zenbat frantziar dauden jihadistekin borrokan, baina Europako herrialdeek "itzulerarik gabeko bidea hasten duten pertsona horien irteera saihestu behar dute, jihadismoarekin bat egin, hil edo etxera itzulitakoan mehatxu bihurtzen direlako".
Frantziako ministroaren iritziz, jihadismoa legez kanpoko immigrazioaren eragileetako bat da, izan zere, "mehatxupean dauden herritarrak" mugitzera behartuak sentitzen dira, batez ere, Siria edota Irak bezalako herrialdeetan.
Legez kanpoko immigrazioaren kontra borroka egiteko koordinatzaile bat sortzea proposatu dute bi herrialdeek. Bi herrialdeetako Barne ministroek itsasoz iristen diren etorkinengan jarri dute arreta, eta Mediterraneo itsasoa zaintzeko operazio bat jarriko dela abian adierazi dute.