Politika -
Araba
Bilduk Laudion Espainiako bandera jartzeko agindua errekurrituko du
Arabako epaile batek hilabeteko epea eman dio Udal Gobernuari bandera teilatutik kendu eta balkoian jartzeko. Autoa "demokraziaren kontrako inposizioa" dela salatu dute.
Erredakzioa
Laudioko Udal Gobernuaren (Bildu) ustean, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzea agintzen dion autoa "demokraziaren kontrako inposizioa" da, eta, hori dela eta, horren kontrako helegitea aurkeztuko dute.
Horrela, Bilduk Gasteizko epaile batek hartutako erabakiaren kontra egin du. Epaileak hilabeteko epea eman dio Udal Gobernuari bandera teilatutik kendu eta balkoian jartzeko. Agindua betetzen ez badu, baliteke isun bat ordaindu behar izatea, desobedientzia delitua leporatuta.
Bilduren ustean, erabakia "neurrigabea" da "erabat", Laudioko Udalak "legea behar beste betetzen du" eta, bandera eraikineko teilatuan jarri zuelako.
Gainera, "erabaki judizialaren itxura duen demokraziaren kontrako inposizioa da", alderdiaren arabera.
"Erabaki politiko batek botere judizialean eragin duen ekintza baten aurrean gaude, eta herritarren gehiengoaren nahia zapaltzen du", esan du Bilduk ohar baten bidez. Halaber, gogora ekarri du ez dela lehenengo aldia "horren moduko inposizioak jasaten dituela", iazko jaietan Pablo Gorostiaga alkate ohiari pregoia irakurtzea galarazi baitzioten, "ETAren kolaboratzaile izateagatik".