Politika -
Auzi ekonomikoa
'Egunkaria auzia' behin betiko ixteko exijitu dute auzipetuek
“Aski da; gehiegi sufritu dugu jada, Egunkaria itxi zutenean, atxilotu gintuztenean edo torturatuak izan ginenean. Dena amaitzeko ordua da”, azpimarratu dute auzipetuek.
Erredakzioa
Egunkariaren auzi ekonomikoan auzipetuta dauden lagunek epaiketa behin betiko amaitzeko eskatu dute, aipatu komunikabidea itxi zutenetik “gehiegi sufritu” dutelako eta prozesu judizial hori “bukatzeko ordua iritsi delako”.
Donostian elkarretaratzea egin dute auzi horretan auzipetutako zortzi lagunetatik seik (Jose Maria Sors, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Ainhoa Albisu), eta erakunde publikoetako, sindikatuetako eta alderdi politikoetako ordezkarien babesa izan dute, baita gizarte-eragileena eta talde kulturalena ere.
Iñaki Uriak gizartearen sektore ezberdinetatik jasotako “babes zabala” eskertu du. “Gizartearentzat hasieratik egon da argi deliturik izan ez dela, ‘Egunkaria auzi’rik izan behar ez zela”, erantsi du.
Ildo berean, Uriak nabarmendu du epaitu nahi duten balizko delituaren kalteturik ere izan ez dela. “Ustezko kaltetua Eusko Jaurlaritza da, eta ez da auziaren parte eta Gobernu ezberdinek, Patxi Lopezenak eta Iñigo Urkullurenak, aurkeztu zituzten dokumentuak inolako deliturik izan ez dela esanez”, gogoratu du.
Uriaren iritziz, “Egunkaria inpultsu politiko baten ondorioz itxi zuten eta orain Gipuzkoako Fiskaltzak inpultsu politiko horren ondorioz mantendu nahi du irekita auzia”.
Gauzak horrela, nahikoa dela esan du. “Aski da; gehiegi sufritu dugu jada, Egunkaria itxi zutenean, atxilotu gintuztenean edo torturatuak izan ginenean. Dena amaitzeko ordua da”, azpimarratu du.
Gipuzkoako Auzitegia ostiral honetan bilduko da Egunkariaren kontrako auzi ekonomikoarekin aurrera jarraitu edo kasua behin betiko artxibatzea erabakitzeko.