Politika -
Kartzela politika
Ventura Tome presoa aske utzi dute
Gaixotasun larria eta sendaezina du. Tome Murtziako kartzelan ari zen zigorra betetzen, etxetik 690 kilometrora.
Erredakzioa
Ventura Tome euskal presoa (Tafalla, 1953) aske utzi dute arratsalde honetan, Etxerat presoen senideen elkarteak baieztatu duenez.
Osasunez oso larri dago; bi minbizi ditu, prostatakoa eta biriketakoa. Tome Murtziako kartzelan ari zen zigorra betetzen, etxetik 690 kilometrora.
Bruselan atxilotu zuten, 2011ko urrian, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri eta astebetera. Espainiaren esku utzi zuen Belgikak urte horretan bertan 17 urte, lau hilabete eta egun bateko espetxe zigorra betetzeko. Aurrez, 90eko hamarkadan hiru urtez egon zen preso behin behinean.
Azken hilabeteotan protesta ugari egin dira Tome aske uzteko eskatuz, azkena ekainean Iruñean. 2013ko urtarrilean prostatako minbizia atzeman zioten eta 38 erradioterapia saio jaso zituen. Orduan, haren abokatuak eta Etxeratek erradioterapia saioak eskuburdinak jarrita eman zizkiotela eta Poliziak tratu ankerra eman ziotela salatu zuten.
2013ko ekainean biriketako minbizia atzeman zioten, baina abendura arte ez zioten jakinarazi. Apirilean, ebaketa egin zioten Murtziako ospitale batean eta birika zati bat kendu zioten.
Presoak Nafarroara lekualdatzeko eskatu zuen konfiantzazko medikuek artatzeko eta familiarengandik gertu egoteko, baina eskaria atzera bota zioten.