Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garitano: 'Iruzurgileen atzetik atsedenik gabe ibili gara Gipuzkoan'
Herritarrei "lasai" egoteko eskatu die, nahiz eta berak memoriak idatzi egingo dituela iragarri.
Erredakzioa
Herritarrei “lasai” egoteko eskatu die Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bere memoriak idazten baditu ere, Gipuzkoan “iruzurgileak atsedenik gabe jazarri egiten ditugulako”.
Gipuzkoako politika orokorreko osoko bilkuran, Jose Luis Bilbao Bizkaiko agintariaren astearteko adierazpenak ekarri ditu gogora.
“Herritarrek badakite Gipuzkoan iruzurgileak atsedenik gabe jazarri egiten ditugula. Horregatik, lasai egon daitezke, baina nik nire memoriak idatzi egingo ditut”
Memoria horietan “pertsona askoren handitasunak eta miseriak” agertuko direla azaldu du, baina, gehien bat “handitasunak” idatziko dituela esan du, “oso pertsona gutxi ezagutu baititut pribatuan gauza bat esan eta publikoki kontrakoa esaten zutenak”.
“Gezurretan ari zirela jakinda gezurra esaten zutenak ezagutu ditut, hori bai, eta ez dizuet aurrezki kutxen buruzagiei buruz hitz egingo...”, gaineratu du.
Garitanok Aldundiko departamentu bakoitzak legegintzaldian garatu dituen egitasmo nagusiak zerrendatu ditu, eta alderdi politiko guztietako bozeramaileak izan ditu ahotan, hitzaldia amaitu aurretik.
Horren harira, Markel Olano EAJren bozeramailea zoriondu du, ezkondu berri delako, “besarkada handia” bidali dio Rafaela Romero bozeramaile sozialistaren senarrari, Jesus Egigureni, bakea lortzeko egindako “ekarpena” dela eta, zortea opatu dio bozeramaile sozialistari, Carlos Cano eta Iñigo Manriqueri egindako agerraldiak eskertu dizkie, eta Bilduko eta Aralarrekoei egindako “lan handia” txalotu die.
Gainera, “Gipuzkoa aukeren lurraldea” dela azpimarratu du, eta ukatu egin du “enpresariei bizkarra” eman dietenik, “berrikuntza alorra sustatzen” jarraitu duelako.
Garitanok Kutxaren pribatizazioa ere izan du hizpide, eta oposizioari “eredu berriarekin” bat egitera gonbidatu dio. Bestalde, zerga alorrean egindako erreformak goraipatu ditu, “pribilegioak amaitu” direlako eta “iruzurraren kontra borroka” egin dutelako.
Era berean, Aldundiak “murrizketa sozialik” egin ez izana goraipatu du.
Oposizioa
Markel Olano EAJren bozeramaileak kritikatu egin du Garitanoren “diskurtso triunfalista, Gipuzkoako errealitatetik oso urrun” zegoelako, “Fagor eta Corrugados bezalako enpresa garrantzitsuen itxiera” izan osten.
Rafaela Romero PSE-EEren bozeramaileak, berriz, diskurtso “elektoralista, irreala, herritarren arazoetatik urrunekoa eta autokritika arrastorik gabea” egitea leporatu dio ahaldun nagusiari,
Juan Carlos Cano PPren ordezkariak ere “autokritikarik egin ez izana” kritikatu du, eta diskurtsoa “makala eta aspergarria” izan dela.
Hitzeman
Bestalde, osoko bilkura hasi aurretik, Jaurlaritzaren ‘Hitzeman’ programa “huts egin duen esperientzia baten isla" dela esan du Garitanok Radio Euskadin. Presoen arazoari irtenbide “globala” eman behar zaiola eta “erru guztia” ezin zaiela “gutxi batzuei” bakarrik egotzi gaineratu du.
Elkarrizketan,'Langraitz bideak' ez duela bere bultzatzaileek espero zuten "arrakasta" izan nabarmendu du. Hitzeman programaren inguruan, Jonan Fernández Bakegintza eta Bizikidetza idazkari orokorrak berak onartu zuen ekimen horrek ez duela “ezer bermatzen”, Garitanok gogoratu duenez.
”Preso eta iheslarien arazoari beste dimentsio bateko irtenbidea eman behar diogu. Orokorra izan behar da, herri honetan askok asko sufritu dutela eta indarkeria mota asko egon direla ulertuz. Erru guztia ezin zaie batzuei bakarrik leporatu”, goraipatu du.
‘Lasa y Zabala’ filma ikusi berri duela eta, Enrique Rodríguez Galindo Guardia Zibilako koronel ohiari ez ziotela ‘Hitzarmen’ programarik aplikatu azpimarratu du. “Estatuak zuzenean saritu eta kartzelatik atera zituen”, esan du.
Preso batzuek espetxean 30 urte baino gehiago eman dituztela nabarmendu du Gipuzkoako agintariak eta hori “Euskal Herrian bakarrik” gertatzen dela gaineratu du. “Honek ezin du horrela jarraitu”.