Politika -
Polizia-operazioa
Askatu dute Aitzinako kidea, Baionako egoitza miatu eta gero
Poliziak material informatikoa eraman du Baionako egoitzatik.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak Alex Feldman Aitzina Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundeko kidea atxilotu eta Baionako egoitza miatu du. Hala ere, iluntzean aske utzi dute Aitzinako kidea, Topatu.info-k jakitera eman duenez.
Feldmanen atxiloketa zuzenbide komuneko delitu batengatik izan dela adierazi du Baionako Fiskaltzak. Bestalde, Kazeta.info agerkari digitalak zabaldu duenez, lapurtutako ondasun bat gordetzeagatik atxilotu dute.
Poliziak material informatikoa eraman du gazte erakundeak Baionan duen egoitzatik, Aitzinak Twitterren duen kontuaren bidez jakinarazi duenez. Poliziak miatu duen egoitza Ipar Euskal Herriko gazte komunikazio proiektuak (ehKz) eta Radio Kulturak ere erabiltzen dute, eta ehKz-ren material informatikoa (ordenagailua eta disko gogorra) ere eraman dutela salatu dute.
Polizia-operazioak bide-seinaleen inguruko ekimen batekin erlazioa izan dezakeela uste du Aitzinak. Uztailaren 14an Aitzina gazte mugimenduak frantses hutsean zeuden bide-seinale batzuk kendu eta Parisera zihoan tren batean jarri zituen. Ondoren, gazte mugimenduak bideo baten bidez ekimenaren berri eman zuen.