Politika -

Bake-prozesua

Iñigo Lamarca: 'Honek ez du atzerabueltarik'

ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuen egunean negar egin zuen jarduneko arartekoak, "pozaren pozez".

El ararteko Iñigo Lamarca. EiTB
Iñigo Lamarca
El ararteko Iñigo Lamarca. EiTB

Iker Gomez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilaren 16tik jarduneko ararteko da Iñigo Lamarca. Eusko Legebiltzarrak haren ordezkoa izendatu arte, erakundearen buru izaten jarraituko du Lamarcak. ETAren iragarpenaren eta bake-prozesuaren inguruko hiru galdera xume baina garrantzitsuri erantzun die, eitb.eus-ek eskatuta.

- Nola gogoratzen duzu iragarpenaren eguna? Zein izan zen egun horretan izan zenuen lehenengo gogoeta?

Negar egin nuen, pozaren pozez. ETAk egindako hilketen eta hiltzeko mehatxupean bizi ziren lagunen irudiak etorri zitzaizkidan burura. Talde terrorista honen indarkeriak oinarrizko eskubideak urratzeari utziko ziola, horixe pentsatu nuen aurrena. Giza eskubideetan oinarritutako balio demokratikoen garaipena izan zen.

- Hiru urte igaro direnean, zein da prozesuaren osasun egoera? Espero zenituen urratsak eman al dira hiru urte hauetan?

Aurreneko dudak uxatuta, ETAren indarkeria kriminalaren amaiera atzeraezina da eta gaur egun hori ez du inork zalantzan jartzen. Gure historiaren orrialde odoltsu eta beldurgarri bat pasatu dugu, behin betiko. Honek ez du atzerabueltarik. Dena dela, lanean jarraitu behar dugu ETA baldintzarik gabe desegin dadin, terrorismoaren biktimen aitortzarako 4/2008 legea betearazten eta osatzen joateko, eta euskal gizarteak giza eskubideetan oinarritutako balio demokratikoak bere egiteko: salbuespenik gabe, ondorio guztiekin eta iraganera eta etorkizunera begiratuz.

- Etorkizunari begira, zer espero duzu? Nolakoa izango da prozesu honen bilakaera?

Aurreko erantzunean aipatu ditudan helburuak beteko direna ziur naiz. Urratsak ematen ari gara, asko eta norabide egokian. Borondatea badagoelako, eta borondate horri euskal gizartearen irrika batu behar zaiolako. Izan ere, bizi izan dugun izugarrikeria hau gainditzeko gogoa dugu, pasatu dena ahaztu gabe, biktimak babestuz eta bakean, bizikidetzan eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizunaren oinarri sendoak jarriz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA Ararteko berriak