Politika -
Auzitegi Nazionalean
Nagore Mujika espetxera bidali du Ismael Morenok
Larunbatean atxilotu zuten, Alacanten bikotekideari bisita egin eta gero, eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindu du epaileak.
Erredakzioa
Nagore Mujika espetxeratzeko agindua eman du gaur, astelehena, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegi Zentraleko epaileak, findantzarik gabe, Barakaldon, 1990ean, polizia nazional bati bi bonba bat jartzea leporatuta. Leherketaren ondorioz, hankak moztu behar izan zizkioten.
Mujikari galdeketa egin ondoren hartu du erabakia Auzitegi Nazionaleko epaileak. Atxilotuak deklarazioan esan duenez, dagoeneko ez da ETAko kidea, eta 1996tik 2011ra arte espetxean egon zen.
Hori gorabehera, eta epaileak autoan jaso duenez, 1992an prozedura abiatu zuten Mujikaren kontra atentatu terrorista eta kalteak egin izana egotzita, eta ihes eginda zegoela ebatzi zuten 1995ean, “auzipetua topatzeko ahalegin guztiak antzuak izan ondoren”.
Urriaren 8an, Morenok Fiskaltzari bidali zizkion jarduera horiek, Mujika “bilatu, atxilotu eta epaile aurrera eramateko agindua bertan behera uztea nork agindu zuen argitzeko”. Ministerio Publikoak egun batzuk geroago erantzun zuen agindu horrek indarrean jarraitu behar zuela, “oraindik ez baitziren 20 urte baino gehiago igaro auzipetzea eragin zuen deliturik larriena (atentatu terrorista) preskribatutzat emateko”.
Guardia Zibilak larunbatean atxilotu zuen ETAko kide ohia Villenako (Alacant) kartzelan, Juan Carlos Iglesias Chouzas 'Gadafi' bere senarrari bisita egin eta gero.
Mujika (48 urte) 2011ko otsailean atera zen espetxetik, armak eta lehergaiak izateagatik zortzi urteko kartzela-zigorra bete eta gero. 2000. urtean Espainiaratu zuten Frantziatik.