Politika -

Ustelkeria

Rajoyk barkamena eskatu du merezi ez zuen jendeari karguak emateagatik

Hala ere, Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, Punica operazioaren atzean "badirudi kargudun publiko jakin batzuen diruzalekeria" dagoela, "ez alderdi politikoa".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea.
Rajoy: 'PPren izenean espainiar guztiei barkamena eskatzen diet'

2:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak barkamena eskatu die hiritar espainiar guztiei PPren izenean, merezi ez zuten pertsona batzuei karguak emateagatik, eta pertsona horiek karguak gehiegikeriak egiteko erabili dituztelako.

Rajoyk ulertzen omen du jendearen "haserrea" ustelkeriarekin lotutako hainbeste gertakariren aurrean.

Senatuko kontrol saioan egin ditu Rajoyk adierazpenok, bere dimisioa eskatzen zuten oihu artean.

Rajoyk azaldu duenez, Punica operazioaren atzean "badirudi kargudun publiko jakin batzuen diruzalekeria" dagoela, "ez alderdi politikoa".

Gainera, operazioan atxilotu dituzten militanteak behin behinean alderditik kanporatu dituztela, eta susmoak berresten badira betiko kanporatuko dituztela azpimarratu du.

"Dena dela, barkamena eskatu nahi dut, PPren izenean, sortutako egoera honengatik, eta merezi ez zuten pertsona batzuei karguak emateagatik", gaineratu du.

Oposizioak agerraldia eskatu dio

Adierazpen hori, hala ere, ez da nahikoa izan PSOErentzat, eta Pedro Sanchez idazkari nagusiak erantzun dio Senatua ez dela "konfesionarioa", eta Kongresuan agerraldi monografikoa egin beharko lukeela, "kezka eta haserre handia" eragiten ari diren ustelkeria kasuen inguruan azalpenak emateko.

Antonio Hernando sozialisten Senatuko bozeramaileak, bide beretik, datorren asterako exijitu dio, kalean dagoen "kezka eta haserreari" ezin diolako "bizkarra eman".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Rajoy albisteak