Politika -

Ustelkeria

Rajoy: 'Ez dago inpunitaterik, egiten duenak ordaindu egiten du'

Espainiako Gobernu presidenteak iragarri duenez, biharko Ministro Kontseiluan ustelkeriari aurre egiteko neurriak onartuko dituzte.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea gaur hedabideen aurrean egindako agerraldian. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak adierazi du ez dagoela inpunitaterik ustelkeria politikoaren aurrean, eta egiten duenak ordaindu egiten duela.

Michelle Bachelet Txileko presidentearekin batera egin duen prentsa agerraldian azken ustelkeria kasuak hizpide izan ditu, tartean, Punica operazioa. Azpimarratu duenez, Gobernuak eta alderdiek determinazioz lan egin behar dute horrelakoak berriz gerta ez daitezen.

Ildo horretan, biharko Ministro Kontseiluak ustelkeriari aurre egiteko hainbat neurri onartuko ditu: 112 magistratu eta 167 epaile plaza sortzea, Auzitegi Nazionaleko bi magistratu plaza berri eratzea, eta gardentasuneko kontseilua eta Gardentasun Legea betetzen dela bermatuko duen taldea sortzea.

"Ustelkeria kasurik ba al dago? Bai. Inpunitaterik ba al dago? Zorionez, ez. Egiten duenak ordaindu egiten du, eta Espainian auzitegiak, Zerga Administrazioko Agentzia eta gainerako erakundeak lanean ari dira", adierazi du Espainiako Gobernu presidenteak. Ustelkeria kasuek "bihotza apurtzen" diotela onartu ostean, horien kontra lanean ari direla jakiteak indarberritu egiten duela esan du.

Rajoyk ukatu egin du demokrazia erregulatzen duten arauak agortuta daudenik, eta, are gehiago, horietako asko beharrezkoak eta eraginkorrak direla gaineratu du. Dena den, hobetzeko grinari eutsi behar zaiola adierazi du, bai kontrol neurrietan eta baita pertsonen aukeraketa prozesuetan ere.

Hori dela eta, Espainiako Gobernuaren iritziz beharrezkoak diren neurri guztiak aurrera aterako dituzte, eta adibide gisara bihar Ministro Kontseiluak onartuko dituenak aipatu ditu.

"Berrikuntzak egin behar dira, eta eraginkorrak izan eta gauzak ongi egin", adierazi du Rajoyk. Gainera, ustelkeriari aurre egiteko hainbat neurri Kongresuan tramitatzeke daudela azpimarratu du, eta horiek ahalik eta babes zabalenarekin onartzea ona litzatekeela gaineratu du.

Bestalde, ustelkeria kasuetan nahastutako PPko kideen kontrako neurriak hartu dituztela, eta horietako asko alderditik kanpo daudela nabarmendu du. Esperanza Agirre Madrilgo PPko presidenteak erantzukizunak bere gain hartu beharko lituzkeen galdetuta, buruzagi politikoek justuak izaten saiatu behar dutela adierazi du. "Esperanza Agirrek, nik eta hemen gauden guztiok bezala, hutsegiteak egin ditu. Nik justua eta orekatua izan behar dut. Gure alderdiko aktibo garrantzitsua da eta nire babesa dauka", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainako Gobernuaren presidente ohia