Politika -
Gurtel auzia
Juan Cotino inputatu dute, aita santuaren bisitaren auzian
Benedikto XVI.ak 2006an Valentziara egindako bisitaren kontratuen auzian inputatu dute erkidego horretako Palarmentuko presidente ohia.
Erredakzioa
Valentziako Auzitegi Nagusian (TSJCV) Gurtel auzia ikertzen ari den epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu du Juan Cotino erkidego horretako Parlamentuaren presidente ohia, Benedikto XVI.a aita santuak 2006. urtean egindako bisitaren auzian.
Hain zuzen ere, RTVV Valentziako irrati telebista publiko ohiak Teconsa enpresarekin (pantailak eta megafonia sistemak hornitzen ditu) egindako ustezko kontratu irregularrak aztertzen ari dira auzi horretan.
Cotinok hilaren 28an deklaratu beharko du, 11:00etan. Aurreko egunetan, beste zazpi inputatuk ere egin beharko dute. Benedikto XVI.a Valentziara joan zenean, Cotino Nekazaritza kontseilari zen.
Dena dela, Poliziaren ustez, aita santuaren bisitaren inguruko "azken erabakiak" berak hartzen zituen. Cotinok Valentziako Parlamentuko presidente kargua utzi zuen urriaren 13an. Oposizioko taldeek dimititzeko eskatu zioten, hainbat ustelkeria kasutan nahasita baitago.