Politika -

Hondakinak

Talde ekologistek EAJren aurka jo dute Gipuzkoako zaborren auziagatik

Errauskailuaren Kontrako Plataformen Koordinakundea, Eguzki eta Zero Zaborren arabera, EAJk "hauteskunde etekinak" lortu nahi ditu Gipuzkoako hondakinen kudeaketa "iraunkorrari oztopoak" jarrita.

Zubieta. Argazkia: EiTB
Zubieta.
Zubieta. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errauskailuaren Kontrako Plataformen Koordinakundea, Eguzki eta Zero Zabor "haserre" agertu dira EAJrekin, erakundeak bere hauteskunde helburuak lortzeko erabiltzen dituelako. Izan ere, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa "iraunkorrari oztopoak" jarrita "hauteskunde etekinak" lortu nahi dituela uste dute.

Donostian emandako prentsaurreko batean, Maria Luisa Sanchez errauskailuaren kontrako ordezkariak, Arantza Ozio Eguzkikoak eta Ainhoa Arrozpide Zero Zaborrekoak gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritza, Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen zaborren tratamendu mekaniko biologikorako beste baimen bat eskatuta, lanak urtebete atzeratzeagatik.

Jeltzaleen kontra jo dute Ingurugiro Sailak hartutako erabakia dela eta, "milaka gipuzkoarrek beste urtebetez" pairatu beharko dituztelako "zabortegi kutsakorrak".

Erakundeek ez dituzte "arazo berriak sortu edo daudenak luzatu behar", eta haien erabakiek "interes orokorra izan behar dute kontuan, ez alderdi politikoa", ekologisten esanetan.

Gaineratu dutenez, "arreta desbideratu" nahi dute "herritarren gehiengoak ulertzen ez duen labirintu juridiko-tekniko baten bidez".

Zentzu horretan zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzako sail horrek "Bizkaian malgutasunez jokatzen eta beste aldera begiratzen duen bitartean", Zallako eta Alonsotegiko zabortegiak kasu, Gipuzkoan "lupaz, ustezko irregulartasunen bila ari da".

Bruselak ezin du tartean sartu

Bestalde, Europako Batzordeak adierazi du ez daukala Gipuzkoan birziklatu ezin diren hondakinekin biltegi baten irekierari buruzko informaziorik. Hala ere, gisa horretako erabakietan ezin duela esku hartu ohartarazi du, Europar Batasuneko Zuzenbide eskakizunak betetzen ez dituela frogatu ezean behintzat.

Hori da Bruselak emandako erantzuna Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak duela aste batzuk egindako galderari.

Europako Batzordeak erantzun du hondakinen biltegia oraindik ere ez dagoela martxan eta ez duela lege urratze zantzurik antzematen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Albisteak Gipuzkoa Ingurumena