Politika -

Buenos Aires

Argentinako eragileek euskal bake prozesua indartzea eskatu dute

Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak, besteak beste, adierazpen bat aurkeztu dute Argentinako Senatuan, prozesuari babesa agertzeko eta Espainiaren eta Frantziaren inplikazioa eskatzeko.

Argentinak babesa eman dio bake prozesuari manifestu batekin

1:29

Manu Gimenez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika eta gizarte alorretako eragile eta pertsonaia ezagunek adierazpen bat irakurri dute gaur Argentinako Senatuan Euskal Herriko bake prozesua babesteko eta Espainiako eta Frantziako estatuei inplikazio handiagoa exijitzeko.

"Euskal Herriko bake Konferentziaren Argentinako Atala"ren agerraldia egin dute gaur arratsaldean Buenos Airesen, eta bertan irakurri dute bake prozesuaren aldeko adierazpena. Han izan da, Argentinako eragileekin batera, Paul Rios Lokarriren ordezkaria.

"Garai politiko berri baten aurrean gaude, eta atzerapenik gabe jokatu behar da", azpimarratu dute, "indar eta konfrontazio logikaren gainetik, Bakearen ibilbideari eta izpirituari bide" eman behar zaiola adierazi aurretik.

Testuan "Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra eraikitzeko inplikazioa" eskatu diete "alde guztiei".

Prozesua txalotu dute

Dokumentuaren sinatzaileen artean daude Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sariduna eta beste pertsonaia esanguratsu batzuk.

Adierazpen horretan orain arte emandako pausoak txalotu dituzte. Hori horrela, Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, Ezker Abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde egindako apustua, eta ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko hartutako erabakia aipatu dituzte.

Gainera, adierazpenaren sinatzaileek Aieteko Adierazpenaren, Mexikoko bakearen Aldeko Batzar Kontinentalaren eta Uruguayko Bakearen aldeko Batzarraren garrantzia azpimarratu dute.

Horren harira, Aieteko Adierazpenaren bost puntuak bere egin dituzte, "ibilbide orri egokia" delakoan, eta "egungo testuinguru politikoan" balio berezia dutelakoan.

Inplikazioa desarmatzean

Bestalde, goraipatu egin dute prozesuaren alderdi teknikoa (presoak, biktimak eta desarmatzea) estatuaren eta ETAren esku, eta alderdi politikoa "euskal gizartearen ordezkarien esku" geratu izana.

Eragile guztiei "bizikidetzaren oinarri sendoak" eraikitzeko eta "presoen egoerarekin lotutako neurriak" hartzeko deia egin diete.

Desarmatzeari dagokionez, Nazioarteko Harreman Taldearen lana goratu dute, "armak erabili ezinda uzteko aldebakarreko prozesuan" jokatutako papera bereziki, baina Espainiako eta Frantziako gobernuen "inplikazioa" eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA