Politika -
Nafarroako Parlamentua
Talde guztiek, PPk salbu, Zabalzaren arrebaren agerraldia babestu dute
Mikel Zabalzaren hilotza Bidasoa ibaiko uretan agertu zen 1985ean, atxilotu eta egun batzuetara.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean onartu dute gaur, PPk ez beste gainerako alderdiek babestuta, Lourdes Zabalza Mikel Zabalzaren arrebak lan-saioan agerraldia egitea. Zabalzaren hilotza Bidasoa ibaiko uretan agertu zen 1985ean, atxilotu eta egun batzuetara.
Gainera, Manolo Vizcayk (Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten eta Intxaurrondoko kuartelean jasandako tratu txarren lekuko izan zen); Iñaki Garcia Arrizabalagak (Komando Autonomo Antikapitalistek hildako baten semea) eta Alfredo Garciak (Jose Luis Canoren hilketaren lekuko, Iruñeko Caldereria kalean) ere agertzea onartu dute.
Lan-saio horiek, Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen esanetan, alderdi horrek, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako biktimak aitortzeko lege-proposamenaren prozesuaren harira egingo dituzte.
Nuinek esan duenez, lege-proposamenaren oinarria da “indarkeria bidegabe eta ez bidezko batek eragindako biktimak berdinak” direla, ETAk zein GALek, poliziek edo eskuin muturreko taldeek eragindako biktimak izan.
Horiek denak “berdinak dira eta justizia, aitortza eta egia jasotzeko eskubide berdina dute”, esan du.
Ana Beltran PPko bozeramailearen arabera, kontrako botoa eman dute I-E alderdiak “eskuin muturreko talde edo funtzionario publikoak” aipatu dituelako eta Zabalza edo Vizcayren adierazpenak “horietatik kanpo” geratuko lirateke.
Aldiz, Patxi Zabaleta Aralarko bozeramailearen esanetan, indarrean dagoen Biktimen Legean eta orain gutxi Parlamentuan jarritako oroitarrian “baztertutako” pertsonak daude.