Politika -

Kontrol Saioa

EAJ presoen mesederako 'zirrikituen bila' dabilela iradoki du Catalak

Espainiako Justizia ministroa 'harrituta' agertu da, 'zenbait alderdi lege-zirrikituak bilatu nahian' dabiltzalako, 'terroristen mesedetan'.

Rafael Catala, Justizia ministroa.
Rafael Catala, Justizia ministroa.
'Terroristen aldeko zirrikituak bilatzen aritzeak harritzen nau'

00:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Catala Justizia ministroak Diputatuen Kongresuan gaur aditzera eman duenez, EAJ ETAko presoei mesede egiteko "lege-zirrikituen bila" ari da. Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egindako adierazpenen ondotik etorri dira Catalaren hitzak. Alderdi Popularrak egindako presioen ondorioz eman zuten atzo epaileek Santiago Arrospide Sarasola, Santi Potros, ETAko buruzagi ohia atxilotzeko agindua, Erkorekaren iritzian.

"Harrituta nago hainbat sektore lege-zirrikituen bila ari delako, terroristei mesede egiteko", esan du Catalak, Kontrol Saioan hitza hartu duenean. Auzitegi Gorenak presoen zigor pilaketen inguruan hartutako azken erabakia txalotu du ministroak.

"Auzitegi Gorenak legearen irakurketa zuzena egin du eta erabaki hau nola interpretatu behar dugun esan digu, beste herrialde batzuetan egin duten modura", esan du. Hori dela eta, Justizia ministroak esan du "mundu guztia lasai" egon daitekeela. "Berme guztiak dituen Estatu bat dugu, guztion eskubideak errespetatzen dituena eta, bereziki, delituen biktima izan direnena", zehaztu du.

EAJri mezu zuzena igorri dio Catalak: Mariano Rajoyren eta Iñigo Urkulluren gobernuek terrorismoaren kontrako borrokan adostasuna erdietsi nahi badute, "demokraten eta biktimen aldean egonda, errazagoa izango da, borreroen ondoan egonda baino".

"Terrorismoaz eta akordioak lortzeaz mintzo zarete, baino, adibidez, Ertzaintzak eta Esquadra Mossoek nazioarteko datuak lortzeko dituzten zailtasunak ukatzen dituzue", esan du Estebanek, yihadismoari aurre egiteko azken asteotan PPk, PSOEk eta Espainiako Gobernuak adostutakoaren harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Popularra