Politika -
Gregorio Ordoñez urteurrena
Semperrek dio PPren diskurtsoak ezin duela ETAk hiltzen zuenekoa izan
PPren Gipuzkoako presidentearen arabera, ezin du Gregorio Ordoñez hil zuten garaiko diskurtso bera eduki, "errealitate sozial eta politikoa aldatu" egin direlako.
Erredakzioa
Borja Semper PPren Gipuzkoako presidenteak esan du PPren diskurtsoak ezin duela 1995eko, Gregorio Ordoñez hil zuteneko, "bera" izan, "errealitate sozial eta politikoa aldatu" egin delako, "batzuk ulertu ez duten arren".
Semperrek Onda Vascan egindako elkarrizketa batean gogora ekarri duenez, ETAk hildako PPko zinegotziaren irudiak "liluratuta" sartu zen politikan, eta "konpromisoa berretsi" egin zuen "hilketarekin".
Biktimen elkarte batzuek egungo PPren ildoari egin dizkioten kritiken harira, Semperrek gogorarazi du PPko kideak ere terrorismoaren biktima direla Euskal Herrian.
Euskal Herrian eta Espainian "trantsizio unea" bizi dela uste du Semperrek, "garai berria" dela "ETAk hilketa gehiago ez duela egingo esaten duenetik", eta horrek "alderdi politikoen jarrerak aldatzen" dituela egungo egoeraz hitz egiteko garaian.
"PPren diskurtsoak Euskadin ezin du 1995eko bera izan, errealitate sozial eta politikoa aldatu egin baita, horrenbeste aldatu da ETAk ez duela hiltzen", azpimarratu du.
Horren harira, oraindik "demokraziaren apologia egiten eta terrorismoa pairatu dutenak gogoratzen jarraitu beharra" dagoela, baina PPk ezin duela "eskenatoki desberdin bateko diskurtsoarekin jarraitu" eta hori "batzuk" ez dutela "ulertu" berretsi du.