Politika -

ETA-REN AGIRIA

'Estatuaren ankerkeria elikatzen du EAJk', ETAren ustez

Uribetxebarria presoaren heriotzaren aurrean "samina" agertu du erakunde armatuak, eta Espainiako Estatuaren "espetxe politika ankerra" salatu.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Uribetxebarria ETAko presoaren heriotzaren harira agiria kaleratu du ETAk. Naiz eta Berria egunkariei bidalitako testuan, Espainiako Estatuaren "espetxe politika ankerra eta bihozgabea" salatu du, eta EAJri "gogoeta egiteko" deia egin dio, Estatuaren ankerkeria "elikatzen" duela eta "oinarrizko eskubideen urraketaren aurrean epel" jarraitzen duela iritzita.

Uribetxebarria presoaren heriotzaren aurrean, "samin sakona" agertu du erakunde armatuak, eta senide eta lagunei "doluminik sentituenak" helarazi dizkio. ETAren ustez, Uribetxebarriak "azken unera arte izan duen duintasuna eta borrokarako grinak jarraitu beharreko bidea erakusten digu". Presoak Espainiako Estatuaren espetxe politika "ankerra modu latzean" pairatu zuela nabarmendu du ETAk, "15 urte sakabanatuta" egon zelako, eta gaixotu zenean Gobernuaren "jokabide bihozgabea" sufritu zuelako.

Kritika, Jaurlaritzari

Hain justu, "Espainiako Estatuaren ankerkeria" izan da, erakunde armatuaren ustez, Uribetxebarriaren heriotzaren eragilea, baina ardurak banatzeko orduan, EAJ ere aipatu du. ETAren irudiko, jeltzaleek "gogoeta" egin beharko lukete "ezker abertzalea higatzeko denak balio duela iritzita elikatzen duen jokabideari buruz". Hala, agirian nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "oinarrizko eskubideen urraketen aurrean epel jarraitzen du, erasoak pairatzen dituzten herritarrengandik urrun".

Ezker abertzaleko abokatuen kontra egindako 'Mate' operazioa ere hartu du hizpide ETAk agirian. "Asistentzia juridikoa eta presoekiko elkartasuna" jomuga izan zituen operazioa izan zen, erakunde armatuaren aburuz, eta operazio horren aurrean Jaurlaritzak izandako jarrera ere kritikatu du: "Tamainako erasoen aurrean, Eusko Jaurlaritzak, eskubideen urraketa bera baino, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari operazioaren berri eman ez izana salatzea zinez eskasa da. 16 euskal herritar atxilotuta, Espainiako Gobernuaren leialtasun eza omen da arazoa", salatu du.

"Espainiaren gehiegikeriak mugarik ez duela" uste du ETAk, eta "euskal preso politikoak nola edo hala espetxean mantentzeko bide berriak" asmatzen ari direla kritikatu du. Erakunde armatuaren aburuz, "Espainiaren jarrera mendekutik harago doa. Helburu politiko zehatza duen estrategia da: euskal preso politikoak bahitu gisa mantendu, Euskal Herriak Espainian preso jarrai dezan".

Horren aurrean, "zurrunbilo ero horretatik atera eta kateak askatzen hasteko garaia" dela aldarrikatu du ETAk, eta "Josu (Uribetxebarria) ankerkeriak eramaten duen azkena izan dadila", erantsi du agirian.

Erkoreka: "Ez dago gauza berririk"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, ETAren agirian "ez dago gauza berririk, eta ezagutzen ditugun jarrerak errepikatzen ditu". Hala, "behin betiko disoluzioa" iragartzeko deia egin dio erakunde armatuari. Izan ere, Jaurlaritzaren eledunaren ustez, hori iragarri arte, "beste gai batzuen inguruan esango duenak ez dio euskal gizarteari interesa sortzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza albisteak Presoak albisteak ETA gaur