Politika -
Terrorismo jihadista
Kongresuko talde batek ere ez du bat egin PP-PSOE itunarekin
Bozketan aldeko 291 boto (PP, PSOE, Unio, CC, Foro Asturias eta UPN) eta 13 abstentzio (Convergencia eta UPyD) izan dira. Gainerako taldeek aurkako botoa eman dute.
Erredakzioa
Kongresuko talde batek ere ez du bat egin PPk eta PSOEk jihadismoaren aurka egindako itunarekin, Diputatuen Kongresuan terrorismo islamistari aurre egiteko lege proposamenaren inguruan egin duten lehenengo saioan.
Lege proposamenaren bozketan jarrera ezberdinak izan dituzte CiUko diputatuek; izan ere, Convergenciako ordezkariak abstenitu dira eta Unioko diputatuek aldeko botoa eman dute.
Hasiera batean, CiUko ordezkari guztiek aldeko botoa eman behar zuten, baina azkenean zatiketa gertatu da. Horrela, sei diputatuk aldeko botoa eman dute, besteak beste, Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak. Convergenciako zortzi diputatuak, ostera, abstenitu dira.
Bozketan aldeko 291 boto (PP, PSOE, Unio, CC, Foro Asturias eta UPN) eta 13 abstentzio (Convergencia eta UPyD) izan dira. Gainerako taldeek (Izquierda Plural, EAJ, Amaiur eta Talde Mistoko gainerako alderdiak) aurkako botoa eman dute.
"Alderdibiko itun elektorala"
Gainerakoak kontra agertu dira "alderdibiko itun elektorala" dela iritzita. Lege proposamena Miguel Castillo Calvin (PP), Jose Enrique Serrano (PSOE), Ana Oramas (CC), Enrique Alvarez Sostres (Foro Asturias) eta Carlos Salvador (UPN) diputatuek babestu dute, Rafael Catala eta Jorge Fernandez Diez Espainiako Justizia eta Barne ministroen aurrean.
Horren aurrean, sinatzaileek batasuna eskatu dute, espetxealdi iraunkor berrikusgarriarekin dituzten desadostasunak desadostasun. Oposizioak uste du PSOEk espetxealdi iraunkor berrikusgarriarena "tragatu" egin duela.